«Argentinan euskal kultura maite eta miresten dute»

Iñigo Terradillos 2018ko urt. 25a, 10:12

Argentinan egonaldia burutu berri du Xabi Lasa irakasle tolosarrak, bertako euskal komunitatea bertatik bertara ezagutu eta euskara eskolak eta hitzaldiak ematen.

Xabi Lasa tolosarrak Argentinara egin berri duen bidaiarekin aspalditik buruan zuen ametsa bete du. Izan ere, euskal diasporarekin lotutako zerbait egitea zen bere nahia, eta Argentina aukeratu du horretarako. Ez alferrik, bertako herritarren %10 inguru euskal jatorrikoa da, eta mundu osoan zehar hedatuta dauden 162 euskal etxeetatik ia erdia, 76, bertan daude. Euskararekiko maitasuna belaunaldiz belaunaldi nola transmititu duten sentitzea izan da berarentzat bidaiarekin gordeko duen oroitzapen politena.

Irakaslea zara Lehen Hezkuntzan, eta azken urteetan etorkinei euskara irakasten ere ari zara. Etenalditxo bat egin, eta ametsa betetzeko unea zela ikusi duzu.

Etxepare Institutuan ari den lagun bati azaldu nion hara joan eta euskararen alde zerbait egiteko nire nahia. Argentinan, eta bereziki Patagonian aukera polita zegoela aipatu zidan. Rocio izeneko bertako herritar batekin jarri ninduen harremanetan. Hark azaldu zidan Patagoniako euskal etxeak pixka bat ahanzturan eta laguntza gehiegirik jaso gabe zirela, eta ederra izango litzatekeela hara joatea. Hara joatea adostu genuen eta Etxepareren eskutik materiala ere eraman nuen.

Argentina aipatzean, euskal etxe ugari eta euskaldun jatorriko jende ugari dagoela etortzen zaigu burura.

Buenos Airesera iritsi nintzenean, lehendabizi hirian zehar bakarrik, erdi galduta, ibili nintzen. Alberdi, Izagirre... euskal abizenak ikusten nituen han eta hemen, eta guztiei argazkia ateratzeko gogoa ematen zidan, baina, segituan konturatu nintzen josita zegoela. Oso hiri handia da, eta biztanleriaren ehuneko hamarra edo, euskal jatorrikoa da, beraz, josita dago bai. Zorionez, askok eta askok belaunaldiz belaunaldi transmititu dute jatorria, eta horregatik jarraitzen dute hain indartsu euskal etxeek. Joan aurretik Argentinakoa izugarria dela esan zidaten, eta horrela dela egiaztatu ahal izan dut.

Buenos Airesera iritsi, eta handik Patagoniara joatekotan geratu zinen. Han euskal mugimendua egon badelako, baina, bertara euskaldunak gutxitan joan dira, edo ia inoiz, ezta?

Bai, hori azaldu zidan Rociok. Euskal Herritik euskal etxeetara eta euskara klaseak ematera Argentinara joaten diren euskaldun asko Buenos Aires hiriburu inguruan geratzen dira. Aipatzen zidan, urteak daramatzatela euskarazko klaseak ematen, baina, Patagoniak kokapenagatik-eta duen zailtasunagatik, utzi xamar eta ahanzturan geratua zegoela. Hiriburuan lehendabiziko eguna igaro, eta Patagoniarako hegazkina hartu nuen. Lehendabiziko egonaldia Patagoniako Viedma-Carmen de Patagonesen egin nuen. Handik, autobusez ordu pila bat igaro ostean, Buenos Airesera itzuli nintzen, Euskal Aste Nazionalean parte hartzen, San Nicolas de los Arroyos herrian. Eta, handik, berriro ere Patagoniara itzuli nintzen. Kasu honetan, San Martin de los Andesen egon nintzen astebete, eta beste astebete Neuquen-Cipolletti-n.

Patagonian euskarazko klaseak ematen, hitzaldiak ematen edota euskal kulturaren inguruan hitz egiten egon zara.

Nik pentsatzen nuen euskarazko saio edo klase batzuk emango nituela, edo laguntzen egongo nintzela, eta hori ere egin dut, baina, zorionez, gauza gehiago egiteko aukerak ere sortu zitzaizkidan. Iritsi orduko beraiek esan zidaten zukutu egingo nindutela, ahalik eta gehien baliatuko zutela nire egonaldia, euskara eta euskal jendearekiko harremanak sustatze aldera. Bada, euskarazko klaseak emateaz gain, hitzaldiak ere eman ditut euskal kulturaren inguruan, euskarazko tailerrak, eskola dezente ere bisitatu ditut... Denetarik egin dut. Gainera, euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten maitasuna ikusita, nekez esan nezakeen ezetz egiten zizkidaten proposamenei. Bertsolariek bezala, suertatzen joan ziren heinean egin behar izan nien aurre egoerei.

Euskara klaseetan parte hartzen dutenak beti al dira euskal jatorria dutenak?

Gehiengoa bai. Adin desberdinetakoak izaten dira, eta normalean, euskal jatorriko senideak izateak bultzatuta hasten dira euskara ikasten. Bestelakoak ere badaude, eta horietako kasu pare bat ezagutu ditut. Paulo Calabrese izeneko argentinarra, esaterako, lagun handia egin dudana, gainera. Negu Gorriak taldearen musikaren eraginez joan zen pixkanaka euskararen mundura erakartzen, eta orain topera dabil euskara ikasten. Badakit, gainera, Argentinan egiten den euskarazko ipuinen lehiaketa bat ere irabazi duela. Eta, Buenos Airesen bazen literatura irakasle bat, jada, nahiko ondo hitz egiten duena euskaraz. Oso ondo komunikatzen da euskaraz, ez du euskal jatorriko familiarik, eta hizkuntzarekiko maitasunagatik hasi zen ikasten.

Argentinako Euskal Aste Nazionalean ere parte hartu zenuen. Zer egiten dute aste honetan eta nola bizitu zenuen?

Neska-mutil, gaztetxoak nahiz helduak euskal dantzetan, ikurrina sentimendu handiarekin astinduz, bazirudien Altzoko festetan ginela edo euskal dantzen bilkuraren batean. Oilo ipurdia jartzeko modukoa izan zen hori ikusi eta bizitzea. Mintzodromoan parte hartu genuen, euskaraz ikasten ari direnekin solasaldian aritu ginen, bazkaria, Mikel Urdangarinen kontzertua, Angel Oiarbideren hitzaldia, afaria... sekulako giroa zegoen eta parrandatxoa egiteko aukera ere izan genuen. Giro benetan zoragarria bizitu nuen. Festa honetara bereziki joandako euskaldunak ere baziren, eta haiekin ere egoteko aprobetxatu nuen. Indar handia nabaritu nuen euskararekiko eta gure kulturarekiko. Zortzigarren probintzia edo, euskal diasporaren indarra handia dela nabaritzen duzu, eta zerbait bagarela konturatzen zara.

Eta, handik Patagoniara itzulera, berriro, ezta?

Bai, handik San Martin de los Andesera, eta han beste astebete pasa nuen. Beste jende batekin eta beste leku batzuetan izan nintzen han, eta egoera, Viedmakoarekin alderatuta desberdina zela ikusi nuen. Viedman euskal komunitate egituratu bat daukate: euskal etxe eder bat, abesbatza, dantza taldea, euskarazko klaseak… Eta, han ez zegoen euskara irakaslerik ere. Euskal kulturaren inguruan hitzaldi pare bat eman nituen, hango irratietan parte hartu nuen... Hango euskal komunitatea sendotu nahi dute, eta euren euskal etxea izatea nahi dute, eta nik horretara animatu nituen. Han ere utzi nuen euskara ikasteko materiala.

Eta horrela osatu duzu berrogei egun inguruko egonaldia. Gustura ikusi eta egindakoarekin?

Bai, oso gustura. Iritsi aurretik ez nekien oso ondo zer ikusi eta egitea egokituko zitzaidan. Banekien, hala zehaztu genuelako, leku batzuetan klase batzuk emango nituela, baina, hortik aurrera gauza pila bat sortuz joan ziren: Irratietan solasaldiak, hitzaldiak... denetarik. Ahaztu gabe, noski, bertako jendearekin igaro ditudan une ederrak. Izugarri aberastu nau bidaiak. Oso pozik nago egindakoarekin; euskararekiko maitasunagatik egin dut, eta, jaso ere, izugarri jaso dut. Oso sentsazio baikorrarekin bueltatu naiz. Eta, ideia argi batekin, jende pila bat dago han euskara ikasteko gogoarekin eta hemendik ahalik eta gehien lagundu behar dugu.

Izan ere, harrituta itzuli zara han ikusi duzun euskal komunitatearekin, euskal kulturarekiko, euskararekiko duten maitasunarekin.

Dudarik gabe. Hara joan aurretik pentsatzen nuen polita izango zela euskara dakiten argentinarrak ikustea euren aiton-amonek edo birraitonek transmitituta. Hara joan behar izan zuten euskaldunak dira, eta kasu askotan, sekula ez itzultzeko, gainera. Sentimendu hori askotan errepikatzen ikusi dut, oso barneratuta daukate. Batez ere jende heldua kontatzen hasten zitzaidan euren aiton-amonek bizitakoa eta kontatutakoa. Emozio handiz kontatzen dute, hunkituta, eta negar malkoz hasten ziren sarri. Oso barruan daramaten sentimendua da. Euskararekiko, euskal kulturarekiko, eta Euskal Herriaren inguruko guztiarekiko miresmen modukoa sentitzen dute. Eta hori guztia entzun, ikusi eta jasotzen duzunean, noski, zu ere hunkitu egiten zara. Zerbait espero duzu, baina, hainbesterainokoa izango denik ez. Zoragarria da hori guztia bizitzea, eta une askotan gertatu zitzaidan niri ere hunkiduraren hunkiduraz malkoak isurtzen hastea. Hain justu horregatik, horrelakoak ikusten dituzunean, horrelako maitasuna eta miresmena ikusten duzunean, nola ez lagundu ba? Gainera, oso ondo tratatu naute, beraien etxeetan izan naute, leku desberdinetan egon naiz jende desberdinarekin, eta guztietatik jaso dudana izan da hori, euskal komunitatearekiko maitasun handia.

Irakasbideak aterata ere bai, ezta? Esaterako, han altxor handi moduan dutena guk askotan ez dugu behar adina baloratzen.

Galdera hori nire buruari askotan egiten nion. Lortuko bagenu han sentitutako emozio guztiak Euskal Herriko jendeari erakustea. Jendeak ikusiko balu Argentinan badirela herritarrak astean bitan Buenos Airesera ordubeteko bidea egiten dutenak euskara ikasteko, esfortzu handia egiten dutela... Sentitzen duten maitasun hori guztia hona ekarriko bagenu, edo ikusaraziko bagenu, bultzada handia emango genioke gure hizkuntzari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!