Alzheimer gaixoen senideek taldea osatu dute Tolosaldean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 25a, 09:00

Datorren urtarrilaren 30ean, Tolosaldeko AFAGIren aurkezpena izango da Tolosako kultur etxean; eskualdean 400 pertsonak dute alzheimerra edo dementziaren bat.

Orain arte, Alzheimer gaixoen senide, lagun eta zaintzaileek, hilean behineko laguntza psikologikoa jasotzeko aukera bakarrik zian dute Tolosaldean. Benetako beharra askoz ere handiagoa denez, ordea, eskualdeko hiru senidek bat egin dute, eta Tolosaldeko AFAGI taldea sortu dute. Datorren urtarrilaren 30ean aurkezpen hitzaldia izango da, 19:00tan, Tolosako kultur etxean.

Agerraldia egin dute taldearen sorrera iragartzeko eta bertan izan dira, besteak beste, Jon Iraola eta Izaskun Martinez de Albeniz; biek ala biek ezagutzen dute Alzheimerra gertutik. Zehazki, Izaskun Martinez de Albenizen senarra hamabi urtez egon zen gaixo, eta berak Ordiziara jo zuen, AFAGIren laguntza jasotzera: "Hasieran zerua lurrera erortzen zaizu, baina gero informazio bila hasteko gogoa sentitzen da. Niretzat sekulakoa izan zen AFAGIk eskaini zidan laguntza, eta pena sentitzen dut Tolosan jende askok Alzheimerra ezkutatu eta isilpean gorde nahi duela ikusita".

Bide horretan, Tolosaldeko AFAGI talde sortu berriak gaixotasuna gizarteratzera deitu ditu herritarrak, azpimarratuz, eskualdean 400 pertsona inguruk dutela Alzheimerra edo dementziaren bat. Bide horretan, urtarrilaren 30eko aurkezpenean AFAGIko zuzendari Kepa Aulestia izango da hizlaria, eta gaixotasunaz nahiz elkartearen funtzionamenduaz ariko da bertaratuekin.

Jon Iraolak ezinbestekotzat jo du, senide eta zaintzaileek laguntza jasotzea: "Senide eta zaintzaile guztiok elkarren beharra daukagu, esperientziak partekatzeko eta arnasa hartzeko". Horrela, AFAGIko kide izateak ekarriko dizkien abantailak azpimarratu dituzte: senideei eman beharreko arreta maila psikologiko zein praktikoan hobetzeko baliabideak; gaixotasuna mantsotzeko prozesuak, psikoestimulazioa kasu; zaintzaile gisa ahalduntzeko aholkuak, zaintzaileak ezkutuko gaixo bilakatu ez daitezen; eta, azkenik, kolektibo gisa dituzten beharrak mahai-gaineratzeko indarra ere bai.

Finean, beren beharrak eta bizipenak partekatzea "Alzheimerrari aurre egiteko jarrera eraginkorra" dela uste dute, eta Tolosaldeko senide eta zaintzaile guztiak deitu dituzte, datorren astearteko hitzordura. Gainera, taldearen inguruko interesa dutenentzat, bi kanal jarri dituzte eskuragarri: afagitolosaldea@gmail.com helbidea eta Afagi Alzheimer Tolosaldea Facebook orrialdea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!