Inauteriak iragartzeko 50.kartela izango da aurtengoa; 50 urte bete ditu artistak Tolosako inauterien kartelak egiten eta esker gisa, Tolosako Udalak eta Tolosako Ekinbide Etxeak ekitaldi berezi bat egingo dute.
1969. urtean jaso zuen lehen aldiz Hernandezek kartelak egiteko eskaintza. Tolosan CIT sortu zen unean, artistak CAT zentroan, Donostian egiten zuen lan. Garai hartan, elkarren artean lagundu eta kolaboratu zuten, eta pixkanaka bi taldeen arteko erlazioa sendotzen joan zen.
Ekitaldi ofiziala pleno aretoan egingo dute, eta ondoren, 50 kartelez osatutako erakusketa inauguratuko dute. Ekitaldiari dagokionez, artista "harriturik" sentitzen da omenaldia jasoko duelako eta esker ona adierazi du Tolosako herriarentzat. Kartelak sortzea gustuko duenez, inauterietan kolaboratzen eta parte hartzen duela sentitzen du eta ez duenez saririk espero, ekitaldi honek “txundituta” utzi du.
Julian Lacunza, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria; Antxon Elosegui, Arpegi taldeko kidea; Olatz Peon, alkatea; Kabila elkarteko txaranga; eta Tomas Hernandez bera izango dira ekitaldiko partaideak. Gainera, ekitaldiari jarraipena emateko, erakusketaren inaugurazioa egingo da; Aranburu jauregian martxoaren 3ra bitarte izango da ikusgai.
Etorkizunera begira, Hernandezek inauterietan kolaboratzen jarraitu nahi du. 2019.urteari begira, kartela sortua omen du jada, beraz, tolosarrek utzi bitartean, edo udaletxeak beste erabakirik hartzen ez duen bitartean, bere kartelak izango dira inauterien iragarle.