«Formatu konprimituak entzuten ohituak gaude, zinera joan eta ukabilen neurriko pixelelak ikustea bezala»

Joxemi Saizar 2018ko urt. 24a, 09:00

Juanjo Falcon tolosarrak ibilbide luzea egin du musika munduan. Baxu jotzaile bezala ezaguna da, hainbat taldetan parte hartuz: Satan, Les Mecaniciens, La Sonora Caribe, Mo'Mau, Manent… Alor hori sekula alde batera utzi gabe, urte batzuk badaramatza bozgorailuak egiten. Gaur egun Toledoko Villaminaya herri txikian dauka Falcon Bravo estudioa eta handik estatu osora saltzen ditu bere produktuak.

Nola izan zen zure hasiera musika munduan?

Nire betiko instrumentua baxu elektrikoa izan da, baxu jotzailea naiz erabat konbentzituta, nahiz eta kasualitatez hasi. Tipikoa izaten da: gitarra jotzaile batek eta bateria jotzaile batek taldea osatu beharra zuten eta ni han nenbilen. Nire osaba Luis Anjel Tarragonari eskatu nion baxua eta lehen kontzertua Tolosako zezen plazan izan zen, Shanti tabernaren alde, eskuin muturraren atentatu bat jasan zuelako. Satan zen taldearen izena, rock hirukotea zen eta garai hartan (1979) Totem talde mitikoarekin batera, herrian zeuden bakarrenetakoa zen. Ordutik hona ez naiz geldirik egon.

Les Mecaniciens, La Sonora Caribe, Mo'Mau… Zein da zure ibilbidea musikari modura?

38 urte daramatzat mundu honetan. Proiektu askotan izan naiz. ETBn bi denboraldi egin genituen Qué pasa pues umorezko programan zuzenean jotzen. Ikasketa oso ona izan zen. Labrit Zabalarekin ere aritu nintzen. Tolosako Orfeoiarekin kolaborazio luze eta interesgarria izan nuen Michel Longaron eta Iñaki Agirrerekin batera. Eta Manent bandarekin asko gozatu dut, Tadeo Urkola, Iñaki Agirre, Iñigo Asensio, Fermin Etxeberria eta Denis Ruizekin batera. Gauza desberdin asko egiteko aukera izan dut eta beti oso interesgarriak: Zaldibobo, Julia Leon... Zorionez, kolaborazioak egiteko deitzen jarraitzen dute. Jam session batzuk ere egiten ditugu, batzuetan bakarka. Adibidez, duela gutxi Madrilen ardo dastatze batean. Esperientzia interesgarria.

Noiz eta nola hasi zinen bozgorailuak egiten?

Duela ia 20 urte. Errealitateari gerturatzen zitzaion zerbaiten bila ari nintzen. Musikaria izanik, instrumentu desberdinen soinuari buruzko datu asko izaten dira. Urte askotan instrumentu dendetan aritu naiz lanean eta mundu horretan sarbide handiagoa izan nuen. Musika grabatua erreproduzitzeko ekipo konbentzionalak errealitate horretatik oso urrun daude tinbrikan, dinamikan, soinu eszenan… Maila altuko bozgorailuen mundua aztertzen hasi nintzen. Mundu oso konplexua da, musika bera bezala. Errealitateari gerturatzeko modu bakarra ez dago. Teoria eta kontzeptu desberdinak daude eta horretan saiatzen dira. Horregatik da hain mundu zoragarria.

Eta Falcon Bravo bezala?

Duela 12 bat urte hasi ginen, nire lagun Juancar Bravo arotz tolosarra eta biok. Buruan nituen ideiak eraikitzen lagundu zidan eta bere tailer txikian hasi ginen prototipoak eta neurketak egiten. Orain bakarrik ari naiz, baina izena mantentzen dut, laguna delako. Ibizan bizi da eta pelikuletako atrezzoak egiten aritzen da. 

Nola egiten da bozgorailu bat?

Modu eta kontzeptu desberdin asko daude. Bozgorailuek duten barrutia bera oso garrantzitsua da. Diseinatu genituen lehen bozgorailuek altzairua eta egurra konbinatzen zuten zurruntasuna eta erresonantzien kontrola lortzeko. Gaur egungo modeloetan materialen eta eraikuntza geometrien bilaketa ere oso garrantzitsua da. Zurruntasun handiko material minerala erabiltzen dugu, eta bibrazioak xurgatzeko gaitasun handikoa. Askotan bi gauza horiek ez datoz bat. Eta mineralez kargatutako erretxinak erabiltzen ditugu. Beste material batzuekin konbinatuta, seinalea ahalik eta neutroena eta garbiena lortu nahi dugu. Bozgorailua katearen elementu bat da, seinale elektriko nahiko baxua azkartasun eta intentsitate handiko energia zinetikoa bilakatzen duena, eta hori asko alda daiteke. 

Soinu perfektua existitzen al da?

Soinu perfektua instrumentu batek ateratzen du bere aurrean entzuten zaudenean. Bibratzen jarri duen aire bera da zure entzumen sistema jasotzen eta prozesatzen ari dena. Adibide perfektua akustika oneko kontzertu areto batean egotea izango litzateke, butakarik onenean, zuzendari on batekin eta musikariak punturik onenean. Eta gainera zuk egun ona izatea. Maila handiko goi-fidelitateko ekipo batek gure etxean bertan gure eskura plazer iturri handia izatea lortzen du. Niretzat hori da ideiarik garrantzitsuena, transformatzen zaituen modura entzutea musika. Eta orokorrean jendeak ez du ezagutzen eta horregatik ez daki zer ari den galtzen.

Bere soinua bozgorailuz erreproduzitzea errazago edo zailago den instrumenturik ba al da?

Beharbada konplikatuena orkestra handi bat da, bere neurriagatik eta konplexutasun batuketagatik, instrumentuen arteko interakzio handia dagoelako. Giza ahotsa ere bai, batez ere gure garuna bertan asko enfokatzeko diseinatuta dagoelako. Pianoa ere zaila da, bere konplexutasun harmonikoagatik. Baina nire iritziz ondo diseinatutako sistemak instrumentu eta musika mota guztiak fideltasunez eta estresik gabe erreproduzitzeko gai izan behar du.

Zein preziora irits daitezke zure produktuak?

1.200 eurotik hasi eta bikotea 12.000 euro arteko modeloak ditugu. Denak artisau eran fabrikatuta daude eta maila altuko material eta osagaiekin, merkatuko prezioz antzekoak direnekin konparatuta. Erabiltzaileak aukeratzen du akabera. Bistan egongo den produktua da eta bozgorailuaren balore estetikoa garrantzitsua dela iruditzen zaigu. 

Zenbateko lana izaten dute zure instalakuntzek?

Egiten ditugun modelo asko bezeroek dituzten beharren arabera izan dira diseinatuak. Diseinua zerotik hasita egiten badugu hainbat hilabeteko lana izan daiteke. Baina katalogoan dauden modeloekin askoz errazagoa da. Lehendabizi bezeroaren etxea bisitatzen dugu beti, aukera onena zein den ikusteko.

Eta nongo bezeroak dituzu?

Estatu osoan egiten dugu lan. Gure erakusketa gela Toledoko Villaminaya herri txikian dago. Madrilera sarbide errazagoa izateko eta leku lasai batean egoteko joan ginen hara, gure bozgorailuak probatzeko baldintza onenekin. Akustikoki prestatutako entzunaldi aretoa da, denboraren nozioa desagertu egiten da bertan. Norbait etortzen denean egiten duguna entzutera bost ordu eta erdi pasatzen dugu, bataz beste. Eta gogoarekin gelditzen gara, esperientzia sakona da. Bartzelonako FN Acoustic Works enpresak prestatu zuen aretoa akustikoki eta etortzen diren adituek esaten dutenez estatuko hoberenetakoa da.

Musika behar den bezala entzuten al dugu?

Erantzuna argia da: ez. Formatu konprimituak entzuten ohituta gaude, erresoluzio izugarria galduz. Sekulakoa. Zinemara joan eta ukabilen neurriko pixelak ikustea bezalaxe da. Musikaz behar den bezala gozatzeko etxean ekipo bat izatearen ideia ez dago. Pedagogia pixka bat falta da, baina erraza da. Norbaitek barrura iristen zaion zerbait entzuten duenean eta inpaktuarekin negarrez hasten denean ez dago gehiago esan beharrik. Hemen etengabe gertatzen zaigu eta hori da musikaren boterea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!