Ikimilikiliklik ez da erakusketa soil bat; burmuin geldiezin batera sartzeko leihoa da. Lau horma eta lau pantaila eta, erdian, horma horiek zeharkatu ahal izateko besaulkiak. Bisitariak ez baitie zentzumenei joaten utzi besterik egin behar. Gure bazterretara; txalapartak oihartzunik sarkorrena sortzen duen lekura; poesiak eta diseinu grafikoak arazo sozialen haserrea gorpuzten dutenekora; Joxean Artzeren unibertsora.
Euskal Herria soinu banda bat balitz, haren hitzak izango lituzkeelako, Mikel Laboaren ahotsean. Bailara batera tontor gainetik neguko eguzkitan begiratuz, nork ez du abestu, inoiz, bere baitan, kantu ikoniko horietako bat?
Ikimilikiliklikek bildu ditu ikono horiek, baina ez hori bakarrik. Joxean Artzek askoz ere bide luzeagoak urratu baitzituen, sorkuntzaren unibertsoan barrena, Txoria txori, Gure bazterrak edo Zaude lasai abestien letrez, Ez Dok Amairu kultur mugimenduaz nahiz Jexux Artze anaiarekin egindako txalaparta saio guztiez gain.
Idatzi zituen poema liburuak, esperimentatu zuen audio grabazioekin, eta mamitu zituen ikuskizun eszenikoak ere. Horrela, Ikimilikiliklik metasorkuntza da: sorkuntza lan horietatik guztietatik osatutako sorkuntza lan multimedia. Irudiak, musika, poesia eta bestelako soinu-munduetara bidaiatzeko trena.
IBILBIDE BATI SARIA
Ikimilikiliklik ikus-entzunezko erakusketa 2015ean zabaldu zuten, estreinakoz, Donostiako San Telmo museoan. Museoaren, EHUko Mikel Laboa katedraren eta Morgancrea-ren arteko elkarlana Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu zuten, eta Joxean Artzeren 40 urteko ibilbide artistikoa txalotzeko egitasmoa izan da, besteak beste.
Orduz geroztik, instalakuntzak hainbat herri eta areto pasatu ditu, eta Tolosako Aranburu jauregian dago, orain, joan den abenduaren 15az geroztik; otsailaren 3ra bitarte izango da ikusgai.
Zori eta kasualitateen kapritxoek hala erabakita, Ikimilikilikliken Tolosako egonaldiarekin bat egin du Joxean Artzeren heriotzak, eta ikono zirenak ikonoago ikustera bertaratzen dira bisitariak, Aranburura.
Horrela, Joxean Artzeren (Usurbil, 1939-2018) ibilbide artistikoa aroz aro aletuta aurkeztuko diote, lau pantailek, bisitariari. Hartzabal da lehena, Artze euskal poesiaren arnas berri gisa aurkeztuko dute. Fase horretan bertan, Artzeren mugarri artistikoetako bat nabarmenduko da: Ez Dok Amairu kultur mugimenduari loturikoa. Garai hartan idatzi zituen, besteak beste, Gure bazterrak eta Txoria txori poemak, eta abangoardia giro hartatik sortu zuten, halaber, Ikimilikiliklik bidekidekaria ikuskizuna, Laboak eta Artze anaiek.
Behin sormena loratu eta egonkortutakoan, usurbildarraren ibilbideak bide eman zion Hartzut fase artistikoari. Espiritualtasunak hartu zuen abangoardiaren lekukoa, eta Artzek hainbat tradiziotatik edan zuen, 1987tik aurrera, testu nahiz ikuskizun sinbolikoak sortzeko. Prozesu haren fruituak Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona disko eta ikuskizun poetikoarekin hasi ziren, eta 2013an argiratutako Heriotzaren ataria dugu bizitza lanera bitarte jarraitu zuen, bere unibertso propioa sortzen.