Tolosaren jasangarritasun politikak aitortu ditu Udalsareak

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 19a, 10:17

Tolosako Udalak jasangarritasun-politikak abiatzera zuzendutako barne egitura eta koordinazioa aitortu dute bigarren aldiz, Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarriaren Sarietan aipamen berezi batekin. Udalerri "aurreratua" dela nabarmendu dute.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eman dio aitortza diploma Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziari, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldi batean. Tolosaz gain, Gasteiz, Legazpi, Durango eta Amurrioko udalerriak ere aitortu dituzte.

Tolosak bere hirugarren ekintza plana, Tolosatzen, onartu berritan jaso du sari hau. Hamar urtez luzatu nahi dute prozesu hori, 2027ra arte. Amantegik azaldu duenez, "Agenda 21eko ekintza plana udal osoaren ekintza plana bihurtzea izan da helburua, jasangarritasuna udaleko arlo ezberdinetan zabaltzeko baliagarria izan dadin".

Aitortza honek udala “bide onean” doala ohartarazteko balio duela nabarmendu du Amantegik: “Udalak eta bereziki udal teknikariek egindako lanaren errekonozimendu bat da. Baina ezin gara lokartu. Lan handia dago egiteko oraindik, bai udalerri mailan, baita maila globalean ere. Egunerokoan jasangarritasuna bultzatzea ez da erraza eta aurkitutako erresistentzia guztiak ekinaren ekinaz gainditzen saiatu behar gara. Guk maila lokalean politika jasangarriak bultzatzen jarraitu beharra dugu, beste erakundeekin koordinatuz eta arduraz jokatuz, gure planetak inoiz baino gehiago behar gaitu eta”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!