«Gure helburua da amaierara igoera postuen borrokan iristea»

Mikel Iraola 2018ko urt. 18a, 12:51

Ia bizitza osoa darama Mario Zubelzuk (Tolosa, 1990) Tolosa CF-n. Infantil mailan hasi zen futbolean jokatzen, eta bederatzi urte daramatza lehen taldean. Joan den urtetik, gainera, kapitaina da. Lehen itzulia seigarren amaitu du Tolosak, eta taldearen egoeraz hitz egin du.

Lehen itzulia amaitu berri duzue. Nola ikusi duzu taldea lehen zati honetan?
Taldea ondo dago. Hasieran oso ondo hasi ginen, partidak irabaziz eta konfiantza askorekin. Gero bolada txarra izan genuen, baina egoerari buelta eman diogu. Hiru partida jarraian irabaztea lortu genuen, eta nahiz eta azken hau galdu, indartsu gaude.

Entrenatzaileak aipatzen zuen ez zekiela nola galdu zenuten Beti Gazteren aurkako azken norgehiagoka.
Egia esan, ezin sinetsita amaitu genuen. Aukera asko izan genituen golak egiteko, baina ez genuen asmatu. Beraiek kontraeraso bat baliatu zuten aurretik jartzeko eta gero, amaierarako minutu gutxiren faltan egin zuten gola. Ezin izan genion emaitzari buelta eman.

Sailkapenean lehia oso estua izaten ari da.
Hori du maila honek. Oso berdinduta dago dena, eta apur bat jaisten zaren unean edonork irabaz zaitzake. Sailkapenean tarteak zabaltzea oso zaila da.

Sei talde zaudete igoera postuei begira borrokan. Zein aurkari ikusten duzu sendoen?
Une honetan uste dut Pasaia dela indartsuena. Ez ziren ondo hasi, baina martxa hartu dute eta oso ondo ari dira azkenaldian. Uste dut amaieran lehia horretan izango dela. Ordizia ere arerio zaila da, oso gol gutxi jaso eta erasoan ongi moldatzen baitira. Han berdintzea lortu genuen guk.

Eta nola ikusten duzu zuk Tolosa aurrera begira?
Denboraldia luzea da eta gauza asko gerta litezke. Gu lasai gaude, ongi ari gara entrenatzen, eta konfiantzaz eta motibatuta gaude. Gure helburua da amaierara iristea igoera postuen borrokan.

Zein dira taldearen indarguneak eta ahulguneak?
Talde lehiakorra gara, ez dugu ezer galdutzat jotzen, eta hori da gure indargune nagusia. Hobetu beharrekoen artean defentsa aipatuko nuke. Gol gutxiago jasotzeko lan egin beharko dugu talde osoak.

Zaila izan da hirugarren mailatik jaitsi eta denboraldi berriari ekitea?
Ez dut uste. Taldekide gehienok urteak egin ditugu maila honetan, badakigu zer den. Hirugarren mailakoa esperientzia berria izan zen guztiontzat. Ona bezain gogorra. Ez zen erraza izan. Eta, gainera, jaitsi ginen bezala jaistea kolpea izan zen. Baina aurrera jarraitu dugu, ilusioz. Berriro ere itzultzeko borrokatuko dugu. Polita izango litzateke berriro ere igoera lortzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!