«Bost talde gaude igoera faseko bi postuetarako»

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 18a, 11:16

Hamazazpi urte zituela hasi zen eskubaloian, lehenengo taldean, Estanis Arsuaga (Tolosa, 1989). Hamaikagarren denboraldia du oraingoa eta hirugarrena kapitain modura.

Aurreko denboraldian Tolosa CF Eskubaloiak bigarren mailan jokatu zuen, eta oraingoan, maila bat jaitsi ondoren, 1. Maila Nazionalean ari dira lehian, eta hirugarren postuan bukatu dute lehen itzulia.

Nola joan da denboraldiko lehenengo zatia?
Espero bezala. Partida zailak izan ditugu kanpoan, gure aurkari zuzenen kontra, hau da, Anaitasuna eta Zaragozakoa, eta horien aurka galdu egin dugu, baina Ereintzari beraien etxean irabazi egin genien. Etxeko partidetan puntuak eskuratu ditugu, beraz, hirugarren gaude, eta pozik.

Zein asmo duzue bigarren zatian, etxean izango dituzuen zuzeneko aurkarien aurka irabaztea, adibidez?
Beti esaten da errazago dela etxeko partidetan irabaztea. Hori dugu alde orain, beraiek Tolosara etorri behar dutela jolastera. Guk ere izango ditugu beste bidaia batzuk zailak izango direnak. Positiboan ari gara pentsatzen. Ez gara atzean gelditu, aurreko denboralditik izandako aldaketengatik ere ez gara gutxiago. Ea nola doan bigarren itzulia, gu behetik gora begira goaz eta ea zer gertatzen den.

Zein da zuen helburua aurtengorako?
Lehenengo helburua da igoera fasea jokatzea, eta hori aurreneko biek jokatzen dute. Eta iristen baldin bagara ea nola gauden eta gero beste helburua izango da igo ahal izatea.

Mailaz jaitsita, nola hasi zenuten denboraldia?
Aldaketak izan dira, bost-sei jokalari joan dira eta beste berri batzuk etorri dira. Azkenean moldatu egin behar zara egoera guztietara. Hasieran agian bazegoen beldur gehiago joan ziren jokalari horiengatik, baina ondo hasi ginen abuztuan, ondo egin dugu lana, eta hirugarren gaude.

Zein dira lehen bi postu horien lehian aurkariak?
Anaitasuna eta Dominicos indartsu daude, baina hor gabiltza gu atzetik. Ereintza nire ustez ere talde horretan sartzen da, eta Trapagaran pixka bat atzean gelditzen ari da, baina oraindik itzuli osoa falta da. Nire ustez bost talde horiek gaude bi postuentzako.

Nolakoa izango da bigarren itzuliaren hasiera?
Orain zenbait partida ditugu, berez hain indartsuak ez diren taldeen aurka, baina partida hauek irabazi egin behar dira gero bukaeran goran egoteko. Bigarren itzuli honen erdi aldera hasten gara berriz gure aurkari zuzenen aurka.

Nola definituko zenuke zuen jokoa?
Joko azkarra egiten saiatzen gara, defentsa ona eta gogorra egiten eta hortik kontraerasoan ateratzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!