Tolosako Erraldoi eta Buruhandiek Japoniara bidaiatuko dute

Ataria 2018ko urtarrilaren 17a

Abuztuaren lehen hamabostaldian Japoniako Ilda Puppet Festa jaialdiaren 40. edizioan parte hartzeko gonbidapena jaso du konpartsak.

"Talde osoak merezi duen sari bat da". Iñaki Moyuaren hitzak dira, Tolosako Erraldoi eta Buruhandiek nazioartera jauzi egingo duela jakin bezain pronto. 25. urteurrena betetzeko bidean da konpartsa, eta lehen aldiz atzerrira bidaiatuko du bere lanaren berri emateko asmoz.

Abuztuko bigarren hamabostaldian Japoniara bidaiatuko du taldeak, Iida Puppet Festa jaialdian parte hartzeko. Gainera, Hiri Txotxongilozaleen Elkartea bilduko da bertan, eta Tolosa ere bilgune horren parte da.

Duela urte bat jaso zuen gonbidapena konpartsak. Jaialdiko aholkulari Tamiko Onagik Tolosara bisita egin zuen eta erraldoiekin guztiz liluratuta geratu zen.

Bidaia garestia izan arren, konpartsak bere osotasunean bidaiatuko du Japoniara: 35 kide, sei erraldoi eta bederatzi buruhandirekin. Bidaiaren kostuei aurre egiteko finantziazioa lortu du, gainera, taldeak. Are zailagoa izango da material osoa garraiatzea, edukiera handiko material pisutsu eta hauskorra baita. Ziurrenik itsasontzi bidez bidaiatuko dute, baina horretarako hilabete eta erdi beharko lukete, eta tartean Sanjoanak daude. Hegazkinez garraitzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Ilda izeneko herrian izango da jaialdia, eta desfile handi batean hartuko du parte konpartsak. Bidaia aprobetxatuz, Tokyoko Euskal Etxean emanaldi berezi bat ere egingo dute tolosarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!