Idazle harrobia sortzen

Naiara Roldan de Aranguiz 2018ko urt. 17a, 12:28

Hamabost gazte, guztiak emakumezkoak, astean behin, Tolosako liburutegian, Joxemari Iturralderen zuzendaritzapean idazle ofizioa ezagutzen: Tolosako Idazle Eskola jaio da. Idazle tolosarrari elkarrizketa:

Lehen edizioa abiatu besterik ez da egin. Paper txuriaren gainean euren pentsamenduak, sormena letretara makurtzen ikasteko bidea jaio da Tolosan, gazteei zuzendurik gainera, 14-18 urte artekoentzat.

Joxemari Iturraldek egingo ditu irakasle lanak, Letra Txokoa izeneko tailerrean. Dagoeneko lehen irakasgaia luzatu zien hamabost emakumez osatutako taldeari, pasa den asteazkenean. Asteroko jarraipena izango dute saioek, bi orduko iraupenarekin.

Ibilbide luzea du Iturraldek bere gain, baina orain artean tankera honetako ekimenak gazteei baino helduei eskaini izan dizkie. «Honek ezberdina egiten du tailerra, beste modu bateko erreferentziak eman behar dizkiet. Hainbat liburu oraindik ez dituzte ezagutuko, gazte direlako eta orduan pausoka egin beharko dugu aurrera», aurreratu dio Iturraldek ATARIA-ri.

Orain artean emakumeek izena eman izana bakarrik, alde batetik «normaltzat» ikusten du irakasleak: «Mundu honetan mugitzen garenok badakigu emakumeek gehiago irakurtzen dutela». Generoa alde batera utzita, hala ere, parte hartzaileek amankomunean dutena ezbairik gabe, «jakin-mina» da.

LITERATURA SARIETATIK ESKOLARA BITARTEKO BIDEA

Tolosako Udalak urteetan literatura sarietara bideratu duen diru partida, 2018. urtean behinik behin Idazle Eskola proiektuari eskainiko dio. Proiektua gauzatu ahal izateko Euskal Idazleen Elkartearen laguntza ere jaso du. Baina ideiaren atzean antza Tolosako hiru ikastetxeak ere badaude, ideia ontzen.

Eskolaren azken helburua gazteen sorkuntzan eragitea ere bada: «Literaturaren mundura jendea erakartzea eta jende horrek bere lehen testu literarioak idatz ditzan animatzea». Joxemari Iturralderen hitzak dira, jada lehen eskola eguna eman duenean. Teoria baino praktika gehiago jorratzea dago idazle tolosarraren asmoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!