TAKEren asteburu perfektua

Mikel Iraola 2018ko urt. 15a, 18:03

TAKEk sailkapeneko lehen postua lortu du, luzapenean liderraren etxean irabazi eta gero. Juniorrek, berriz, Euskal Liga jokatzeko txartela eskuratu dute.

Emaitzak, onak direnean, beti dira poz-iturri. Baina are gehiago espero gabekoak direnean. Denboraldiaren hasieran, inork gutxik esperoko zukeen sasoi honetan TAKE sailkapeneko lehen postuan izango zenik. Ezta Yon Gonzalez entrenatzaileak berak ere. Baina talde honek badu gutxien esperotakoan sorpresak emateko ahalmen hori.

Eta berriro ere egin du. San Cernin liderraren etxean ezustekoa eman du Tolosako taldeak. Eta hori gutxi balitz, sailkapeneko lehen postuan berdintzea lortu du.

10 jokalarirekin bidaiatu zuen Iruñera TAKEk. Asteburuan juniorrek partida garrantzitsua zuten, eta ohiko 2-3 jokalari eraman beharrean, bakarra deitu zuen Gonzalezek. Bajak ere bazituzten. Baina tolosarrek beren indarguneak aprobetxatu zituzten garaipena eskuratzeko.

Norgehiagokaren lehen zatia parekatua izan zen, eta atsedenaldiaren aurreko minutuetan lortu zuen TAKEk lehen errenta polita. 10 puntuko aldeaz iritsi ziren 20. minutura. Hortik aurrerakoa "arraroa" izan zela dio Gonzalezek.

Hirugarren laurdenaren hasieran "denboraldiko minuturik onenak" jokatu eta 21 puntuko tartea lortu zuten markagailuan. Ondoren, ordea, "denboraldiko munuturik txarrenak" jokatu zituztela dio entrenatzaileak. Iñaki Sanz ACBn jokatutako jokalaria kantxara irten eta ezin izan zuten gelditu. 27 puntu egin zituen joko antolatzaile iruindarrak. "Oso ona da Sanz, eta nahi zuena egin zuen. Eta hori ongi defenditu genuenaren sentsazioa dudala", dio Gonzalezek.

Azken minutuan sartu zirenean, TAKEk 6 puntuko desabantaila zuen markagailuan. Bi hiruko sartu eta defentsa ona baliatu zuten tolosarrek luzapenera joateko. Orduan bai, Sanz jokoz kanpo utzi eta kanpoko marratik asmatzen hasi ziren. Azkenean, 78-83 gailendu zen TAKE.

Sailkapenean, beraz, San Cernin eta Hernanirekin lehen postuan berdinduta dago talde tolosarra, lehen itzulia amaitzeko bi neurketaren faltan.

Bestalde, emakumezkoen taldeak, ezin izan zuen Ostadar garaitu. 33-38 galdu zuten tolosarrek.

Juniorrak, Euskal Ligara

Ez da asteburuko ezusteko bakarra izan. Juniorren taldeak Euskal Liga jokatzeko txartela eskuratu du Gipuzkoako lauko finala irabazi ondoren. TAKEko talde batek emaitza hau lortzen duen bigarren aldia da.

Iñigo Morenok gidatutako taldeak Easo, Añorga eta Zarautz hartu zituen mendean Donostian. "Emaitza garrantzitsua da. Klubean esperantza handia dugu talde honekin. Orain Baskonia bezalako taldeen aurka arituko dira eta gauza ederra da", azaldu du Gonzalezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!