Xabi Alonsoren ustezko iruzur fiskalaren kasua aztertuko dute berriro

Ataria 2018ko urtarrilaren 15a

Madrilgo Auzitegiak Consuelo Madrigal fiskal nagusiaren errekurtsoa onartu du, eta Xabi Alonsoren ustezko iruzur fiskala ikertzeari berrekingo dio, El Mundo egunkariak zabaldu duenez.

Espainiako Zerga Agentziak 2015. urtean abiatutako ondasun pertsonalei buruzko ikerketa batean topatu zituen futbolari ohiaren ustezko lehen delitu zantzuak. 2010tik 2012ra bitartean –Real Madrilen jokatzen zuen orduan– aitortu gabeko diru sarrera hainbat zeudela ondorioztatu zuen agentziak, irudi eskubideei lotutakoak guztiak, eta fiskaltzari iker zedin eskatu zion.

2009ko udan, oraindik Liverpooleko jokalari zela, Kardzali enpresa portugaldarrari saldu zizkion bere irudi eskubideak, 5 milioi euroren truke. Salerosketa hori, "erabat opakua" izan zela adierazi zuen Ogasunak.

Are gehiago, Zerga Agentziak diru sarreren inguruko datuak eskatu zituen, baina ez zuen erantzunik jaso. Ogasunak 2010. urteko 600.000 eskatzen dizkio Alonsori; 2011ko beste 170.000 euro; eta 1,25 milioi 2012ko irregulartasunengatik.

Madrilgo epaitegiak, ordea, kasua artxibatu egin zuen. Baina Madrilgo Fiskaltza eta Estatuko Abokatutza ikerketa etetearen aurka azaldu ziren, eta errekurtsoa ipini zuten. Kasua artxibatu zuten unean, Alonsok adierazi zuen "legea eta betebehar fiskalak errespetatu izan dituela beti". Orain, kasua berriz zabaltzea erabaki du Madrilgo Auzitegiak, futbol jokalari ohiaren jokabidea nahita egindakoa edo ez izan ote zen ikertzeko helburuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!