Etiopia-Utopiaren aldekoa izango da II. Txotx Solidarioa

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 11a, 13:23

Urtarrilaren 19an izango da Casino elkarteak antolatutako afaria; Julen Lopetegi entrenatzaile asteasuarrak egingo du irekiera txotx-a.

Afalondo batean sortutako ideia gorpuztu zuten iaz, eta errepikatzeko gogoz geratu ziren. Horrela, Tolosako Casino elkarteak bigarrenez antolatuko du, urtarrilaren 19an, Txotx Solidarioa. Julen Lopetegi entrenatzaile asteasuarra izango da ohorezko txotxa egitearen arduraduna, eta eskualdeko ekoizle eta sukaldariena, berriz, otordua hornitzearena.
Javier Yarza Casino elkarteko lehendakariak eman ditu egitasmoaren azalpenak, eta aldamenean izan ditu, halaber, Olatz Garmendia sagardotegietako ordezkaria, Imanol Apalategi Etiopia-Utopia fundazioko lehendakaria eta Xabier Martinez sukaldaria.
Casino elkartearen ibilbidea gogora ekarri nahi izan du Yarzak, azalduz, 150 bazkide inguru dituztela, eta elkarte gaztea dela. Horrela, urteko agendari loturiko hitzorduekin batera, Casino elkarteak bestelako egitasmoei ere garrantzia ematen diela nabarmendu du lehendakariak: «Festetan parte hartzen dugu, baina elkarlana ere gure jardunetako bat da, eta afari baten bueltan sortutako ideia izan zen Txotx solidarioarena, bazkide batek laguntza humanitarioaren esparruan zerbait egin genezakeela proposatu zuenean».
Esan eta egin, iazkoarekin gustura geratu, eta indarra eman zien hark, Zerkausia, bigarrenez, sagardotegi bilakatzeko. Xabier Martinez sukaldariak azaldu du, hasiera batean zenbait aldaketa egitea pentsatu zutela. Azkenean, ordea, joan den urtekoari eutsi, eta formatu bertsua izango du afariak.
Guztira, 220-250 pertsonarentzako otordua prestatuko dute Zerkausian. hasteko, Barriola harategiko onddo txistorra izango da, eta Martinez jatetxeko onddo nahaskia, ondoren. Gero, bakailaoa izango da, piperrekin eta tomatearekin, eta baita parrilan erretako Goyako txuletak ere. Azkenik, gazta, zigarrotxoak eta teilak eskainiko dizkiete bertaratuei.
Elkartasun helburuz abiarazitako egitasmoa izaki, Casinoko antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie hornitzaile guztiei, eta baita Iker Galarza aktoreari eta Joxemari Barriola harakinari ere, haiek ariko baitira, besteak beste, parrilako lanetan.
Jakietarako puntako produktuak baliatuko dituzte, baina Txotx solidarioa hankamotz geratuko litzateke sagardorik gabe, eta hor jarriko dute beren alea, Tolosa Gourmet-eko sagardogileek. Aburuza, Zabala, Sarasola, Begiristain, Eguzkitza, Isastegi, Goikoetxea eta Zalbide sagardotegiek kupel bana ezarriko dute Zerkausiko sagardotegi efimeroan, eta afaltiarrek bertako 8 sagardo dastatzeko aukera izango dute.
Txartelak 25 euroan daude salgai, batetik, Orbela eta 19-90 tabernetan. Halaber, Casino elkartean ere eskuratu ahal izango dira, astelehenetik ostiralera, 19:30etik 21:00etara bitarte.
Azkenik, aipatzekoa da urtarrilaren 19ko hitzorduan hainbat zozketa ere egingo dituztela, Etiopia-Utopiaren alde. Besteak beste, eskualdeko sagardotegiek eta Tolosako erretegiek otordu bana zozkatuko dute, eta Martin Berasategi nahiz MB Garrote jatetxeetako jakiak dastatzeko aukera ere izango dute zortea dutenek.

Egarri direnentzako txotx-a

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratu zituzten, iaz, Txotx Solidarioko irabazi ekonomikoak. Aurten, berriz, Etiopia-Utopiaren proiektuei bultzada bat emango die Casino elkarteak.
Imanol Apalategi Etiopia-Utopia elkarteko lehendakariak azaldu duenez, fundazioa duela 8 urte sortu zuten, eta Etiopiako Tigray eskualdean aritzen dira; 1974an goseteak gehien erasandako lekuan. Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, ur falta da hango arazo larrienetako bat, eta hutsune hori betetzen saiatzen dira. Halaber, Ayder ospitaleko profesionalei formakuntza eskaintzeko eta materiala bidaltzeko egitasmo bat ere esku artean dute.
Datorren urtarrilaren 19ko afaria dastatuz ale txiki bat jarri litekeen arren, Casino elkarteak azpimarratu du, 0 txartelak ere eskuragarri jarriko dituztela, inork ekarpen ekonomiko hutsa egin nahiko balu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!