Ubeldutako begiak argira

Ane Urkola 2018ko urt. 11a, 07:50

XLII. Irun Hiria saria irabazi du Maixa Zugasti idazle tolosarrak 'L.A.A.' eleberriarekin. Opari handia jaso du ordainetan: argitaratutako lehen liburua du eskuetan.

Maixa Zugasti idazleak (Tolosa, 1973) bere lehen liburua argitaratu du Kutxa Irun sariarekin. Indarkeria matxistari buruzko fikziozko istorioa da L.A.A.. Ez da ausartu orain arte bere idatzirik argitaratzen eta 44 urterekin ailegatu zaio bere ibilbide osoa errekonozitzen duen saria: «Oso hunkituta nago».

Telefono dei batetik sortu zitzaion eleberria egitearen ideia: «Susmoa genuen gure ezagun batek tratu txarrak jasaten zituela. Nik ez nuen harreman handirik berarekin baina egun batean deitu zidan senarrak sekulako jipoia eman ziola esanez, hil egingo zuela.... Berarengana etorri nintzen eta markatuta zeukan aurpegi guztia. Lagundu nion medikuarengana eta ertzainen deklarazioa hartzera. Shock egoeran geratu nintzen. Emakumea oso isolatuta zegoen bere ingurukoengandik. Nik uste dut tratu txarren ezaugarri bat dela: lortzen dute harremanak etetea lagunekin edota familiekin. Hala ere, emakume honek erreakzionatu egin zuen. Ikaragarria da bizi dutena», azaldu du.

Dei horrek eragin handia izan zuen idazlearengan, eta horregatik erabaki zuen eleberria idaztea: «Gai horrek arrastoa utzi zuen nigan, eta landu egin nahi nuen. Niretzat literatura da munduari egiten diodan begirada, ez da zerbait erakutsi nahi izate hutsa. Bizitza erakustea da, salaketa egitea, ukitzen gaituen gaia delako, sufriarazten duelako, eta infernu bat delako emakume horiek guztiek jasaten dutena; beldurgarria da».

Maria da istorioko protagonista, eta Martuteneko espetxeko psikologoa da. Bertan gizon bat ezagutuko du: «Gerora ezagutzen du haren iragana, haren emazte ohia eta bi emakumeek elkarri lagunduko diote. Pertsonaia konplexuak dira, eta ezberdin erantzuten diote gauza berari: bata indartsuagoa da, eta bestea itxi egiten da».

Zugastirentzat garrantzitsua da pertsonaia konplexuak egitea. «Pertsonaiak marrazten dituzunean, beren psikologia eta itxura kontuan hartu behar da. Haiekin bizi behar izaten dugu denbora asko. Pertsonaia horiekin hari bat egin behar duzu eta hari guztia osatzen dugu pixkanaka. Gerta daiteke pertsonaia horien ezaugarriak aldatzea ere, eboluzioa izatea: iruditzen zait idazten hasten garenean, inguruan gertatzen zaigun guztia erlazionatzen dugula istorioarekin».

Liburu bat idaztea ez da egun bateko lana, eta istorioa idazteko garrantzitsua da aurretiko lana: «Asko irakurri dut gaiaren inguruan, indarkeriari eta beldurrari buruz, eta baita psikologiarekin lotutako gauza asko ere. Izan ere, nire ustez horrelako kasu askotan dependentzia ekonomiko zein emozionala dago, eta hori moztea oso zaila da». Zugastiren ustez, heziketa da gakoa dependentzia horiek hausteko. Bestalde, non hasten da tratu hori? Herritarrok ere adi egotea garrantzitsutzat jotzen du.

Zugastik azpimarratu duenez, sinbologia handia dauka ibaiak eleberrian. Donostiako Gernikako Arbolan bizi da protagonista eta ibai ondoko paseoa askotan zeharkatzen du. Kontziente egindako hautua izan da, Zugastik azaltzen duenez: «Etxe horien bi aldeetara kalea dago, eta horrek aukera handia eman dit tentsioa lantzeko. Protagonistak ama izateko ametsa du, eta ibaiari goitik begiratzean, badirudi haurdun dagoen emakume bat etzanda dagoela».

Literatura oso garrantzitsua da Zugastirentzat, eta txikitatik datorkion zaletasuna da: «Ikastola oso garrantzitsua izan zen niretzat: txiki-txikitatik irakasle oso onak izan nituen Laskorain Ikastolan. Irentsi egin nituen liburuak, eta gogoratzen naiz irakasleek etxetik ematen zizkidatela. Txikitatik bihurtu da bizitzeko modua: ez dudanean idazten zerbait falta zaidala sumatzen dut. Zerbait naturala da niretzat. Azkenean, literatura irakaslea naiz; asko irakurtzen dut eta nire bizitza horren inguruan mugitzen da askotan: esnatzen naizenetik oheratzen naizen arte ari naiz istorioa pentsatzen, edo istorioarekin erlazionatzen ditudan gauzak ikusten ditut etengabe...».

ETORKIZUNERA BEGIRA

Abenduaren 1ean jaso zuen Irun Kutxa saria eta urte hauetako guztietako lanaren errekonozmendua izan da berarentzat: «Bizitza guztian aritu naiz idazten. Hala ere, ez dut inoiz ezer erakutsi, ez naiz ausartu. Asko hunkitu nau saria jasotzeak eta 'bide onetik zoaz' esan balidate bezala da niretzat. Era berean, oso garrantzitsua izan zen epaimahaia. Asko miresten dudan jendea da, eta bereziki horrek asko hunkitu ninduen. Liburua argitaratzea oparia izan da eta Erein argitaletxeak ateak ireki dizkit».

Hain zuzen, bere lehen eleberria argitaratzeko aukera eman dio saria jasotzeak, eta dagoeneko bere bigarren eleberriaren zain dago: «Udaberrian argitaratuko dut Gerra Zibilari buruzko istorio bat. Bertan, gerra hasi aurretik aita batek muga zeharkatuko du bi ume txikirekin. Etxean uzten ditu emaztea eta alaba txikia. Ume horietako batek, heltzean, iraganean zer gertatu zen jakin nahiko du. Izan ere, beraiek muga pasatzen dutenean gerra ez da oraindik hasi, eta ondoren, kontakizun bat izango da beraientzat. Hamar urte pasa ditut istorio hau idazten», azaldu du.

Horretarako, existitzen ez den lurralde bat sortu zuen idazleak, erbestea irudikatzen duena: «Aita Barandiaran Ipar Euskal Herriko Belokeko monasterioan egon zen, eta bertara ailegatzen ziren pertsona guztien testigantzak jaso zituen: Tolosako kontuak, pertsona ezagunak ere agertzen dira. Testigantza horiek erabiliz osatu dut eleberria: Sotto voce (Ahapeka italieraz) da izenburua.

Horretaz gain, saria atera zenean istorio berria prestatzen ari zen Zugasti: «Hernanin kokatu nahi dut, antzekotasun handiak baititu Tolosako nire haurtzaroko paisaia batekin».

Grabagailua itzali eta minutu luzez jarraitu dugu indarkeria matxistaz, literaturaz, eleberriaz, etab. hizketan. Bere etengabeko irribarraren bidez argi erakutsi du literaturarekiko duen maitasuna eta miresmena. Idazten jarraitzeko gogoz dago, bere bizitza ikusteko modua literaturaren eta hitzaren jolasaren bidez irakurleei erakusteko desiratzen. Aurrerago ere ikusiko dugu elkar, ziur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!