Bi eguneko greba manifestazio batekin amaitu dute Tolosako Asuncion klinikako langileek, beste hainbat mobilizazioko zerrenda biribilduz. Zuzendaritzarekin soldata igoerak, lan baldintza «duinagoak» eta egonkortasuna «negoziatzeko ezinak» eraman ditu mobilizatzera, eta manifestazioaren aurretik egindako adierazpenetan, «itxaropentsu» azaldu dira langile batzordeko kideak.
2017a amaitu aurretik, joan den abenduaren 28an, Inviza SA enpresa kudeatzaileko zuzendaritzak bilera batera deitu zituen langile batzordeko kideak: «Guk egin dizkiegun bi eskaera nagusien inguruan hitz egin nahi izan zuten: baldintzez eta soldatez. Ordea, zuzendaritzak eskaini ziguna ez da nahikoa», azaldu du Arantxa Errondosoro langile batzordeko kideak.
48 orduko greba hasterako gutxieneko zerbitzuen kudeaketa salatu bazuten ere, Asuncion klinikako langileak «pozik» daude lanuzteak izan duten jarraipenarekin, eta baita manifestaziorako deiak izandako zabalkundearekin.
Behin mobilizazioak amaituta, deialdi guztien balorazio bat egingo dutela azaldu dute, aurrera begira zer egin erabakitzeko.