[GUTUNA] Harreman sozial askeak landuz eta autogestioan sakonduz

Kaleko eskolaren erabiltzaileak 2018ko urt. 10a, 11:09

Tolosako kale nagusian behera zoaz. Berdura plazatik pasatzean eskuinetako kale kantoira begiratu eta galdetu diozu zeure buruari: Zer ote da beltzez eta laranjaz margotutako lokal hau?

Kaleko Eskola jartzen du… eta zer jartzen du hor goian? «Kendutakoa berreskuratzeko, kolektiboki bizitzeko, ikasitakoa desikasteko…». Buruaz keinu bat egin eta kalean behera jarraitu duzu.

Zuri ere gertatu al zaizu hori, bada duda hori argitu eta gonbidapen bat egitera gatozkizu gutun honekin!

Lokal hori aurtengo maiatzean okupatu zuen Tolosako Gazte Asanbladak. Gure motibazioei eta proiektuei indarra emateko leku bat behar genuen, eta okupazioaren bidea hautatu genuen behar horiei erantzun erreal bat emateko. Lokal horrek urteak zeramatzan hutsik eta banku baten jabetzakoa da, beraz, zer hoberik erabilera bat eman eta herriaren mesedetara jarri baino? Ordutik gaur arte barrualdea txukuntzen eta lokalari forma ematen aritu gara, patxadaz baina pauso finkoak emanez, pixkanaka funtzio anitzak bete ditzakeen lokal bat atondu arte. Tartean inaugurazio bat ere egin genuen, eta bertan Kaleko Eskola izenarekin bataiatu genuen espazioa.

Nahiz eta orain arte Gazte Asanbladak erabili eta kudeatu duen, Kaleko Eskolari bi helburu argi jarri genizkion. Batetik, espazio liberatu baten funtzioa izatea, bertan harreman sozial askeak landuz eta autogestioan sakonduz. Bestetik, herriko eragile, talde, norbanako… ezberdinentzako tresna irekia bihurtzea, desjabetuenen mesedetara egongo dena, eta herriari/kaleari bizia emango diona. Esan beharra dago, oso espazio egokia dela hitzaldi, mahai-inguru, dokumental, pelikula, bilera edo tailerrak bezalako ekimenak burutzeko.

Beraz, zuretzat doa gonbidapen hau, talde, norbanako, eragile edo kuadrilla. Kaleko Eskola tresna irekia da, eta bertan zure ekimenak antolatu nahiko bazenitu, irekita dituzu ateak. Interesatuta dagoenak bidali dezala e-mail bat helbide honetara: kalekoeskola@gmail.com.

Harremanduz, saretuz, babestuz, ikasiz, desikasi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!