«Txapelketa bat irabaztea zen nire helburua; orain lasaiago hartuko dut»

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 10a, 12:30

Joseba Sanzek (Tolosa, 1987) auto lasterketako mendiko igoeren Euskadiko Txapelketa lortu du, hirugarren mailan. Larunbatean izango du sari banaketa Zumaian.

Lehenengo aldia da txapelketa lortu duzuna?

Bai, lehenengo aldia da. Ni berez 2009an hasi nintzen igoerak egiten, eta 2011tik aurrera rallyesprintak egiten hasi nintzen baita ere, eta aurten erabaki nuen mendi igoeren Euskadiko Txapelketa egitea. Bederatzi proba ziren, eta horietatik %60ak egin behar ziren, beraz, gutxienez txapelketarako sei proba egin behar ziren. Nik zortzi egin nituen.

Lehenengo aldia izan da txapelketan honetan parte hartu duzuna?

2009an lasterketa batzuetan parte hartu nuen, baina denboraldi honetan saiatu naiz txapelketa ahal nuen ondoen egiten.

Beste urteetan rallyesprintak egin dituzu. Zertan bereizten dira mendiko igoerekin?

Rallyesprintak normalean gora eta behera izaten dira eta gidariaren ondokoarekin joaten zara. Igoeretan, berriz, beti goraka zoaz, eta ia beti bidea motzagoa izaten da, lau kilometro inguru.

Ez zara berria auto lasterketetan, baina denboraldi honetan zentratu zara igoeretan eta gainera irabaztea lortu duzu. Pozik egotekoa izango da, ezta?

Bai; ni baino jende azkarragoa dago lasterketetan, baina azkenean kontua da erritmo bat eramatea eta lasterketak amaitzea. Puntu batzuk eskuratzen dituzu eta irabaztea lortzen duzu.

Hirugarren mailan lortu duzu txapelketa. Nola zehazten dira mailak?

Guztira hamar maila daude, eta mailen arteko ezberdintasuna autoaren zilindroen edukierarengatik eta ahalmenarengatik da. Horren arabera, nire kotxea hirugarren mailan sartzen da.

Eta zer auto duzu eta zer ezaugarri ditu?

Peugeot 206 RC bat da nire autoa, eta bere motorrak 2.000 zentimetro kubiko ditu, eta 200 zaldi inguru ditu.

Maila horretarako auto azkarrenetakoa da?

Ez da ez indartsuena ezta makalena ere.

Espero zenuen parte hartzen hasi zinenean txapelketa eskuratuko zenuela?

Ez nuen espero. Lasterketa batean bigarren, bestean lehenengo egin nuen, eta ikusten hasi ginen posible zela irabaztea. Autoak oso ondo eutsi dio, ez dit arazorik eman, eta horrek ere laguntzen du irabazteko garaian. Ez baduzu kolperik hartzen, pixkana puntuak batzen zoaz eta azkenean aukera izan dut txapelketa irabazteko.

Momenturen batean ikusiko zenuen txapelaren lehian ariko zinela.

Hirugarren mailan ez ginen kotxe asko ere, eta txapelketari begira ere ez zuten hainbestek parte hartzen. Aurrekontua handia da eta azkenean egin ohi dira gustatzen zaizkizun lasterketak; orduan jendea ez da iristen beharrezkoa zen lasterketa kopurura txapelketarako kontuan hartzeko. Nik zortzi lasterketa egitean, eta puntu batuz, ikusten nuen irabazi ahal nuela eta horrelaxe izan da.

Mundu horretan 2009tik ari zarenez, eskarmentua ere izango duzu.

Urte asko badira eta gauza asko ikusten dituzu. Erreferentzia puntu batzuk hartzen dituzu eta azkenean horrek segurtasuna ematen dizu.

Ez da merkea izaten kirol horretan parte hartzea, ezta?

Sakrifizio asko da, asko aurreztu behar duzu, parranda gutxi egin, eta jendearen laguntzarekin pixkana aurrera egiten duzu. Edozein ekarpen guretzako asko izaten da.

Entrenamenduak nola egiten dituzue?

Proba baino astebete lehenago federazioak jartzen ditu ordutegi batzuk eta entrenamendu horiek egiten dira errepidea itxi gabe, kaleko kotxearekin, eta beti trafiko seinaleak errespetatuz. Azkenean bidea buruz ikastea da. Mendiko igoeretan gidaria bakarrik doa eta beraz bidea buruz ikasi behar duzu.

Zer ezaugarri behar dira horrelako lasterketetan parte hartzeko?

Batetik, erreflexuak behar dira. Bestetik, buru beroarekin ateratzen bazara ziur aski gaizki bukatuko duzula. Badago jendea arriskatzea gustatzen zaiona eta batzuetan ondo aterako zaio, baina beste batzuetan kolpea edo matxura izaten dute. Buru beroarekin baldin bazoaz eta kolpea hartuz gero, badakizu gastua etorriko dela, eta azkenean bakoitzak erabakitzen du dirua gastatu edo mantsoago joan, eta beste lasterketa bat egiteko dirua izatea.

Azkar joatearen eta kolperik ez hartzearen oreka horretan ibiltzen zarete, beraz.

Azkar doanak badaki: dena ondo ateratzen zaio ala kolperen bat izango du. Berak erabakitzen du. Dirua baldin badu arriskatu egingo du, bestela polikiago joango da.

Zer asmo duzu hurrengo denboraldirako?

Normalean otsaila aldera hasten dira bai rallyesprintak eta baita mendiko igoerak ere. Nire aldetik, ez dakit oraindik zer egingo dudan, baina ez naiz txapelketaren bat irabazteko asmoz ariko. Nire helburua zen txapelketa bat irabaztea eta lortu dut, eta orain gauzak lasaiago hartuko ditut. Bizitzan beste gauza batzuk ere badaude. Tarteka lasterketaren bat edo beste egingo dut, gustatzen zaizkidanak, eta baten bat kanpoan egingo dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!