'Sagak' izeneko saioa estreinatuko du, bihar, Kike Amonarrizek ETB1-en

Mikel Iraola 2018ko urtarrilaren 9a

Argazkia: EITB

Belaunaldiz belaunaldi jarduera edo lanbide bati segida eman dioten familiak izango dira aurkezle tolosarraren programa berriko protagonistak. Bihar gauean emitituko dute aurkezpen atala, 22:30ean.

Euskal Herriko dinastia ezagunak izango ditu ardatz Kike Amonarrizen programa berriak; diziplina bati eutsi dioten familiak, guztiak. Kasu bakoitzean, familiari lotua dagoen diziplinaren transmisioak nola funtzionatu duen erakutsiko du saioak. "Gure historia hobeto ezagutzea da helburua. Azken finean, Euskal Herrian familiak eta etxeak garrantzia handia izan dute", azaldu du Amonarrizek.

Lehen saioan, bertsolaritzari lotuak egon diren Enbeitatarrekin izango da Amonarriz, familiarena den Ormaetxe baserrian. Bigarrenean, berriz, aizkora munduan ibilitako Arria familia izango da protagonista. Gerora beste hiru atal gehiago emitituko, Goenagatarrekin –artistak–, Galartzatarrekin –pilotariak– eta Garmendiatarrekin –kulturgintzan eta politikan arituak–.

Iraganaz gain, unean uneko tesguinguruaz, gaurkotasunaz eta etorkizunaz jardungo dute, eta bizipen pertsonaletarako tartea ere izango da. Sorpresetarako ere bai.

Familiako bi kide izango dira saioaren zutabe nagusiak, eta horiekin batera bisitatuko dituzte kide gehiago. "Jarduera edo lanbide berarekin lotzen ditugu familia asko, baina ikusiko dugu polikromikoagoak direla" dio aurkezle tolosarrak.

"Motibagarria izan da"

Profesional gisa erronka "berri eta polita" dela nabarmendu du Amonarrizek. "Tribuaren berbak saioan egin nituen elkarrizketak, baina nire-nirea nuen gai baten inguruan. Oraingoan, ordea, elkarrizketatua familia bat da, eta horrek beste prestaketa lan bat eskatu dit. Oso motibagarria izan da. 3 orduko elkarrizketa luzeak egin ditugu saio bakoitzeko. Lantaldea bermea izan da zentzu horretan".

Estreinaldia, bihar

Bihar, asteazkena, aurkezpen erreportaje bat eskainiko dute. Sarrera atal honetan, Euskal Herriko sagei, familiei eta abizenei buruzko kontuak azalduko dituzte, hainbat elkarrizketaturekin. Mikel Gorrotxategi euskaltzaina izango da horietako bat, eta, besteak beste, azalduko du nola Euskal Herria izan zen, Erdi Aroan, emakumeek beren abizenaren transmisioa gauzatu ahal izan zuten lurralde bakarra Europan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!