Mende erdia inauteriei aurrea hartzen

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 9a, 16:06

Datorren otsailaren 3an izango da Aiz Orratz elkartearen inauterietako haur jaialdia; txarangak ere efemeride inauteriak izango ditu, 75. urteurrena betez

Zerkausiaren gerizpean egiteko pentsatua zenak, Beotibar eta Leidor izan ditu, gero, aterpe, mende erdia betetzera iritsi arte. Tolosako Aiz Orratz-Veleta elkarteak 50. inauterietako haur jaialdia antolatuko du aurten, eta iragarri dute jada. Ohi bezala, kalderero egunean izango da, otsailaren 3an.

Azken urteotako berrikuntza nabarmenenari eutsita, jaialdia goizez izango da, eta kalejira batek piztuko du festaren txinparta, Trianguloa plazan. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak txarangarekin abiatuko dira, Leidor aretorantz, eta bertan hasiko da inauteriei beti aurrea hartzen dien emanaldia, 12:00etan. Antolatzaileek agerraldian azaldu zutenez, emanaldiak betiko osagai nahiz ezustekoak izango ditu, nahiz eta oraindik ikuskizuna prestatzen ari diren.

Sarrerei dagokienez, Aiz Orratz elkarteak bi hitzordu jarri ditu txartelak eskuratzeko. Otsailaren 2an izango da bata, 18:00etatik aurrera, Leidor aretoko leihatilan. Hurrengo egunerako sarrerarik geratuko balitz, jaialdiaren egun berean ere eskainiko lukete sarrerak erosteko aukera, 11:00etatik aurrera. Euro bateko prezioa izango dute, betiko moduan.

Inauteria artez girotzeko lanak

Azken 50 urteotan inauterietako haur jaialdiaren bereizgarri bilakatu dira, besteak beste, marrazki eta mozorro lehiaketa. Garai berrietara egokituz, bi egitasmoek egin dute aurrera, eta 2018ko lehiaketetara aurkezteko epea zabalik da jada.

Marrazki lehiaketako irabazleen izen-abizenak datorren urtarrilaren 29an iragarriko ditu Aiz Orratz elkarteak. Hain justu, egun berean amaituko da mozorro lehiaketan parte hartzeko epea. Elkarteak hainbat bide jarri ditu horretarako, herritarren eskura. Whatsapp bitartez mozorroen argazkiak nahiz bideoak bidaltzeko aukera izango da, batetik, 688 854 076 telefonora. Era berean, haurjaialdia@gmail.com helbide elektronikoan ere jasoko dituzte parte hartzaileen proposamenak. Hori bai, ikus-entzunezko materiala horizontalean sortu eta bidaltzeko eskaera egin dute antolatzaileek.

Behin proposamen guztiak jasota, urtarrilaren 29an Aiz Orratz Veleta Haur jaialdia Facebook orrialdean argitaratuko dituzte mozorro guztiak, eta herritarren beren kuttunena aukeratu ahal izango dute. Aipatzekoa da, botoa ematen dutenen artean hainbat sari zozkatuko dituztela, Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkartearen eskutik.

Jaialdia, hasiera besterik ez

Kalderero eguneko haur jaialdia ale bat baino ez da izaten, Aiz Orratz elkarteak inauterien bueltan antolatzen dituen egitasmoen artean. Izan ere, Zaldunita bezperako danborradak nahiz elkarteko txarangak ere ondo urratu dituzte, jada, ohituraren bideak. Zehazki, haur danborradak 56. urteurrena beteko du aurten eta txarangak, berriz, urtemuga dirdiratsuagoa: 75. urteurrena.

Horrela, elkartea bete-betean ari da inauteri goiztiarrei begira, eta haur danborradako entsegu egunak ere iragarri dituzte. Urtarrilaren 13an, 20an eta 27an kosakoen entseguak egingo dituzte, musika eskolan, 15:30etik aurrera. Danborradako entsegu orokorra, berriz, otsailaren 4an izango da, Trianguloa plazan, goizez.

Aurrez behar adina entsegu egin eta gero, inauterietako haur danborrada otsailaren 10ean abiatuko da, 16:30ean, Geltokitik. Eguraldiak edo beste zerbaitek eragindako aldaketarik balego, Facebook orrialdean nahiz www.aizorratzveleta.com webgunean iragarriko lukete. Azkenik, aipatzekoa da, Zaldunita bezperako goizean txu-txu trenean bidaiatzeko aukera izango dutela tolosarrek, beste behin. 11:00etatik 13:00eta bitarte, bueltaka ibiliko da.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!