Batzuen poza, besteen atsekabea

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko urt. 7a, 16:35

Urtero moduan, aurten ere, Gabonetako azken asteburuko igandea aprobetxatu dute Shanti kirolak dendak nahiz Tolosa CF-ko kideek, Shanti Txapelketaren XXXVI. edizioko finalak ospatzeko. Jende andana bildu da Usabal kiroldegiko harmailetan, gertukoen golak ikusi eta ospatzeko asmoz.

Guztira, 700 haur baino gehiagok parte hartu dute, aurten, azken bi asteetan zehar, goizez nahiz atsaldez, Usabal kiroldegiko goiko kantxan ospatu den torneoan. Guztira, ia 100 taldetik gora izan dira, bost mailatan banatuta, eta azken neurketak jokatzera, 10 taldek baino ezin izan dute igaro. Goizeko 9:30ean izan da lehen finala, eta lau orduko tartean jokatu dira gainontzeko laurak.

Lehenean, benjamin nesken txanda izan da. Berastegiko Lehoiak taldeak, 4 eta 2 irabazi dio Sugarrak taldeari. Ondoren, 2009an jaiotako benjamin mutilen finala jokatu da. Bertan, Karela Xare eta Anoetako taldeak aritu dira aurrez aurre. Final parekatua izan da, eta azken unean sartutako gol zoragarri bati esker, tolosarrentzat izan da garaipena (2-1) eta baita txapela ere.

Segidan, alebin mailako nesken txanda izan da. Arrano Beltzak taldeak, ezin izan du aurkarien atea zulatu, eta Izarrak taldea, berriz, 3 gol sartzea lortu du. Hortaz, garaipena eta lehen postua haientzat izan da. 2008an jaiotako benjamin mutilei dagokienez, Tximista Samaniego taldeak 2-4 galdu du Leopardo Team taldearen aurka, beste norgehiagoka parekatu eta ikusgarri baten ondoren.

Eta azkena, eta diferentzia handiegia izan duena, alebin mutiletan, txapelketa osoan zehar onenak izan diren bi taldeen arteko lehia izan da. Bertan, Intxurre B taldeak 2-7 galdu du Xarabelak taldearen aurka. Lehen zati orekatu baten ondoren, 3-1eko emaitzarekin joan dira atsedenaldira. Orduan, bazirudien alegiarrak markagailuan gerturatu ahalko zirela, baina Villabonako gaztetxoek, hobeto jokatu ondoren, ederki baliatu dituzte euren aukerak eta aldea handitzea lortu dute.

Azken partidaren hondarrean, Erregetako opil ezberdinak zozkatzen aritu dira, ikusleek aurrez erositako zenbakietako batzuk saridunak suertatu direlarik. Amaieran, sari banaketa ekitaldia egin dute, eta bertan, Patxi Amantegi zinegotzia aritu da, besteak beste, umeei zoriontzen eta dominaketa kopak banatzen. Bestetik, eta azken saria banatu aurretik, esker bereziak emateko unea heldu da, besteak beste, Luis Javier Lorz Kapu, Enrike Gomez, Angel Mari eta Javier Zurutuza anaiak eta Antxon Zuartegi nabarmendu nahi izan dituzte, urtetan egin duten lanagatik. Amaierako une hori, gainera, argazki erraldoi bat ateratzeko aprobetxatu dute, ikusleak eta haurrak datorren ediziora arte agurtu aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!