«Makrobiotika beganora jotzen dugu, baina, nahi duenak arraina edo haragia jan dezake»

Edurne Ayuso 2018ko urt. 6a, 09:56

Mirian Ortiz tolosarrak kasualitatez ezagutu zuen makrobiotika. Apurka-apurka bizi filosofia honetan barneratzen joan da eta gaur egun, bere ahizpa Nekanerekin batera, Tolosako Guki Ekodendako jabea da.

Barazkijale, begano eta makrobiotika zaleentzako oasi moduko batean gaudela esan genezake?

Beno, akaso esango nuke pixkanaka handiagotzen ari den oasi batean gaudela. Geroz eta aukera gehiago dauzkagu, informazio gehiago daukagu eta oasia zabaltzen ari da.

Zer da makrobiotika zuretzako?

Azken batean filosofia bat da. Ni hasi nintzenean, jateko modu bezala probatu nuen makrobiotika. Gero ikusi nuen bide gehiago irekitzen zaizkizula eta hor beste filosofia bat dagoela, azken batean, pertsonalki barrutik lan bat egin behar da.

Zergatik gerturatu zinen filosofia honetara?

Kasualiate bat izan zen. Ni dietista batengana joaten nintzen eta bera makrobiotikoa zen. Jartzen zizkidan dietak eta erabiltzen zituen hitzak ez nituen garai hartan ezagutzen: seitana, tofua, misoa… eta hala, mundu berri bat ezagutzeko grina sortu zitzaidan. Gainera, elikagai haiek nire gorputzari mesede egiten ziotela eta nire eguneroko bizitzan ondo barneratu nituela ikusi nuen.

Gaur egun, zugana jotzen dutenei eta makrobiotika hitza lehenengoz entzuten dutenei, nola azaltzen diezu zer den?

Azken batean, osasuntsu egotea eta oreka bat lortzea dela esaten diet. Normalean, jendeak gaixo edo ondoezik dagoenean jotzen du makrobiotikaren bidera. Orduan azaltzen diet platerean gure oreka aurkitu behar dugula, leka batzuekin, zerealekin eta berdurekin jolastuz. Bestalde, badaude bazkari terapeutikoak, kontsultore makrobiotiko batengana jotzen baduzu, daukazun gaitzaren arabera, dieta zorrotzagoa bihurtzen da, baina, oro har, makrobiotika oso irekia da.

Guk normalean makrobiotika beganora jotzen dugu, baina, nahi duenak haragia edo arraina ere jan dezake, izan ere, makrobiotikan hau ere jan daiteke. Kontua da zein kantitatetan jan behar den jakin behar dela.

Zerorrek makrobiotika probatu zenuenean, zein aldaketa ikusi zenuen zugan, fisikoki eta psikologikoki?

Psikologikoki, zentratuago nengoela igarri nuen, gauzak desberdin ikusten nituela. Zu pertsona berbera zara, baina, gauzak modu ezberdinean ikusten dituzu, argiago.

Fisikoki berriz, hasieran ikusten duzu pisua galtzen duzula. Hori normala da, azken finean, frijitutako gauza gutxiago jaten duzu, irina eta olioaren kontsumoa jaisten duzu etab. Horrek ez du esan nahi makrobiotikoa izanik derrigorrez argal egon behar duzunik, makrobiotikoa izan eta gizena ere egon zaitezke.

Makrobiotika probatu nuenean, digestioetan arintasuna notatzen nuen, mahaitik altxatzen nintzenean nire tripa ez nuen pisutsua sentitzen, baizik eta arina.

Zure ingurukoek erraz ulertu al zuten zuk aukeratutako bidea?

Prozesua pixkanaka-pixkanaka egin nuenez, jende gehienak pentsatzen zuen denda gaur ireki eta bihar itxiko nuela. Ez zitzaien iruditzen makrobiotikaren inguruan mundu bat badagoenik, edo makrobiotika bizi duten bezeroak daudenik.

Tolosan badira belar denda gehiago, baina, guk erabaki genuen bezeroei makrobiotika zer den probatzeko aukera eskaini behar geniela. Hala, gurean gosariak, askariak edota bazkari makrobiotikoak ateratzen ditugu eta hartara, gainontzeko belar dendetatik bereiztea lortu dugu.

Dieta makrobiotikoaz haratago joan zara zu. Elikaduraz gainera, zure bizitzako zein esparrutan aplikatzen duzu filosofia makrobiotikoa?

Nik uste dut makrobiotikaren bidea behin hartuta, beti ikasten ari zarela. Mundua aldatzen doan heinean makrobiotika aldaketa horietara moldatzen joan behar da. Zure inguruko guztia aldatzen ari dela ikusten duzu eta etengabe ikasi behar duzula errealitate horretara moldatzeko. Esate baterako, garai batean lanak gaur egungoak baino fisikoagoak ziren, eta elikadura ez da berdina izan behar baserrian lanean ari denarentzat edo bulego batean eserita dagoenarentzat.

Makrobiotikak bestalde, gauzen jatorria aurkitzen laguntzen dit. Esate baterako, gaitz bat izan dezakezu edo urduri egon zaitezke eta makrobiotikarekin hori nondik datorren aurkitu dezakezu. Azken finean, emozioek gure gorputzean blokeo batzuk sortu ditzakete eta horiek nondik datozen aztertu eta landu egin behar duzu.

Makrobiotikarena lan pertsonal bat da. Egiten ditugun gauzetan koherentzia bat lortu behar dugu, bai esaten dugunarekin, bai egiten dugunarekin eta azken batean, bizitzak ekartzen dizkigun egoerekin.

Elikadura makrobiotikoan, osagaiak bezain garrantzitsua omen da elikagaiak prestatzeko modua. Egia al da?

Bai, garrantzitsua da janaria prestatzerakoan duzun energia, barazkiak mozteko modua, produktuak ekologikoak izatea, etab.

Gauzak gogo onez egiten direnean gero emaitzak ikusi egiten dira, bai etxean, bai lanean bai edonon.

Barazki guztiek estruktura jakin batzuk dituzte eta lortu nahi duzunaren arabera modu batera edo bestera moztu behar dituzu. Denbora laburrean edo luzean egosteko ez duzu modu berean moztuko, adibidez, azaloreak zuhaitz txiki moduko batzuk ditu. Guk zuhaitz txiki hauen forma errespetatzen dugu mozterakoan. Nik barazki baten yin-a eta yang-a, biak nahi baditut, modu konkretu batera moztu beharko ditut osagaiak, bestela barazki horren alderdi bakarra eskaintzen ari naiz.

Barazkien yin eta yang- a aipatu dituzu. Jarriko al zenuke erraz ulertzeko moduko adibide bat?

Ez da horren zaila. Pertsona batzuei kosta egiten zaie barazkien yin eta yang-a zer den ulertzea, baina, ez da zaila. Adibidez, tipula bat hartzen baduzu, tipula horrek azpian iletxo moduko batzuk ditu ezta? Beno ba, zuk tipula erditik eta goitik behera bertikalki mozten baduzu, tipula erdi horretan bi mutur ikusiko dituzu, bata yin-a da eta bestea berriz yang-a. Tipula hori julianan mozten baduzu, zatitxo bakoitzean, tipularen yin- a eta yan-a hartzen ari zara.

Gure elikaduran bi elementuak behar ditugu eta bien arteko oreka lortu behar dugu. Zer nahi dugu, platera hotz ala bero bat? Ba, azken batean bien arteko nahasketa, platera epel bat. Yin-a eta yang-a, biak orekatu behar ditugu.

Oreka hori lortzeko bidean, zer utzi behar da alde batera, zein osagai ez duzu zuen denda edo erosketa saskian aurkituko?

Adibidez azukre zuria, nahiz eta ekologikoa izan guk ez dugu gure dendan. Gaur egun azukre zuriaren inguruan mila kontu entzuten dira eta guk baztertzea erabaki dugu, bere ordez panela daukagu.

Bestalde, bada glutamato monosodico delako osagai bat. Hau aurrez prestatutako jaki askotan agertzen da eta guk ez ditugu osagai hori duten elikagaiak eskaintzen edo horretan saiatzen gara behintzat.

Gure dendan saltzen ditugun produktuen ia ehuneko ehuna ekologikoa da.

Makrobiotiko baten etxean zein osagai ez da sekula faltako?

Gehienbat zerealak, lekak eta berdurak eta horrekin nahikoa duzu. Jende askok esaten du makrobiotika garestia dela, baina, zuk hiru eta lau euro artean balio duen arroz kilo bat, berdurak eta lekak erosten badituzu eta zerorrek prestatzen badituzu, ez da garestia. Aurrez kozinatutako produktuak erostea garestia da, bai, baina, bai makrobiotikan eta baita gainontzeko dietetan ere. Ez da gauza bera garbantzu pakete bat erostea edo jada prestatuta dauden garbantzuak erostea.

Bestalde, garaian garaikoa kontsumitu behar da. Ez dago debekatutako elikagairik, baina, zentzuz kontsumitu behar da. Patata tortilla pintxo bat jan dezakezu edo ardo kopa bat edan dezakezu noizean behin, baina, ezin du eguneroko dietaren parte izan. Gauza bera esango nuke tofuaz edo seitanaz ere, onak dira, baina, egunero-egunero jateko ez. Azken batean elikagaiekin jolastu behar da zer jaten duzun jakinda.

Gabonak eta jan-edana eskutik lotuta datoz gure kulturan. Makrobiotikoa izanik nola bizi izan dituzu zuk?

Badaude dastatzen ez ditugun zenbait produktu baina, oro har denetarik jaten dugu. Nire kasuan adibidez, foie-a ez dut jaten, haragi gorririk ere ez, baina, arrain pixka bat eta entsalada ere jan ditut Gabonetan. Azken batean, halako egunak ez dira ohikoak, salbuespenak dira eta disfrutatu egin behar dira. Kontzienteki jaten baduzu eta hurrengo egunetan oreka lortzen baduzu ez da ezer gertatzen, ez da damurik izan behar.

Makrobiotika probatu nahi duenak nora jo dezake informazio eske?

Badira irakasle oso onak, guk adibidez, Jakin eskolako Egoitz Garrorekin dugu harremana. Niri asko gustatzen zait bere bidea. Gu ere hemen gaude behar duenari laguntzeko.

Interneten ordea, zaila da informazio fidagarria aurkitzea. Gaur egun intrusismo handia dago eta artikulu on bat aurkitzea ez da erraza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!