Merkatu Txikia beste behin, laguntzen jarraitzeko

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 4a, 10:00
Eskaintza bereziak egingo dituzte ostiralean.

Laskorain ikastolak antolatzen du duela 22 urte; biltzen dutena Ibarratik Misio Taldera, Tolosaldea Sahararekin elkartera eta Baltistan fundaziora bidaliko dute.

Urteak dira, 22 zehazki, Laskorain ikastolako Guraso Elkarteak Merkatu Txikia antolatzen duela Gabonen bueltan. Aurten ere Tolosako kultur etxeko areto nagusian daude eta bihar dute azken eguna. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta azken eguna izaki, prezioetan beherapenak izango dituztela esan dute.

Laguntza bat, irrifar bat lelopean antolatu dute elkartasun azoka berezi hori eta Laskoraingo komunitate guztiak hartzen du parte; irakasle, guraso eta ikasleak, izan ere, DBH3tik Batxilergoko 2. ikasturtea bitarteko ikasleek ere hartzen dute parte Merkatu Txikiko txandetan. Biltzen duten dirua urtero bezala, Ibarratik Misiko Taldea eta Tolosaldea Sahararekin elkarteetara bideratuko dute, baina aurten hirugarren elkarte bati ere emango diote jasotakoaren zati bat: Baltistan Fundaziori. Urteak dira azokan 10.000 euro baino gehiago biltzen dituztela, eta horregatik erabaki zuten bildutakoa talde bati baino gehiagori ematea.

Baltistan Fundazioa nazioarteko garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta Baltistango Hushe bailarako komunitateetan bizi diren pertsonen giza garapen integral eta endogenoa lortzeko egiten du lan.  Izan ere, fundazioko kideen asmoa komunitateak berak sustatu eta kudeatuko dituen erremintak eskuratzen laguntzea da. Baltistan Fundazioak Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu (FIFBM) elkartearekin elkarlan estua du eta hezkuntza, nekazaritza, komunitatea indartzea eta erakundeen garapena, osasuna, azpiegiturak, turismoa edo generoa lantzen laguntzeko proiektuak dituzte.

Komunitate osoa
Guraso Elkarteak antolatzen du Merkatu Txikia, baina Tolosako Udalaren laguntza ere izaten dute, eta baita herriko dendari eta oro har, herritarrena ere. Izan ere, euren ekarpenei esker biltzen dituzte salgai jartzen dituzten produktuak. Ikastolan gaia lantzeko aukera ere izaten dute; ikasgeletan lantzen dute gaia, lehenengo, eta gero Merkatu Txikian bertan parte hartuta borobiltzen dute proiektua.

22 urte pasa badira ere urteroko helburua bera izaten da. «Kooperazioa eta elkartasun baloreak ikasleekin gelan lantzeaz gain, ekintza jakin honetan ikastola komunitatea osatzen laguntzea», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!