Karrozen pabiloiko giltza eskuratzeko epea zabaldu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko urtarrilaren 3a

Bost metroko altuera gainditzen duten karrozek bakarrik erabili ahal izango dute espazio hura

Tolosako Udalak zehaztu eta onartu ditu inauterietako karrozen arduradunak Usabalgo pabiloia erabiltzeko baldintzak, eta martxan jarri dute, jada, izen-ematea. Bertan daude udalak urte osoan barrena gorde dituen plataformak eta, azaldu dutenek, bost metroko altuera gainditzen duten konpartsek bakarrik erabili ahal izango dute Usabalgo eraikina.

Horretarako, konpartsetako kideek kultur etxera bertaratu beharko dute, eskaera orria betetzeko. Lehenik, pabiloia erabiltzeko baldintzak ezagutzea ezinbestekotzat jo du udalak, eta ondoren eskaera orria bete eta aurkeztu egin beharko dute udaletxean. Azkenik, erregistratutako eskaera orriaren kopia bat egin, eta kultur etxera bertaratu beharko dute giltza eskatzera.

Baldintza horiek guztiak eta eskaera orriaren inprimakia eskuragarri daude www.tolosa.eus atarian.

Aurten, otsailaren 8an hasiko dira Tolosako inauteriak, eta karrozak otsailaren 11n irtengo dira, lehenengoz, kalera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!