Shanti Txapelketa bezala, baina esku pilotan

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 29a, 10:25

Urte berriarekin batera areto futbolean jartzen dituzte haurrak Tolosan, Shanti Txapelketan. Orain, esku pilotan aritzeko aukera izango dute eskualdeko haurrek Gabonetako I. Pilota Topaketan; urtarrilaren 2tik 7ra, Beotibarren.

Aurrera Tolosa CF Pilota Elkarteak 100 ume baino gehiago ditu pilota eskolan, horietatik 80 inguru federatuak. Elkartetik garrantzi berezia eman nahi diote formakuntzari, eta helburu horretan hutsune batekin topo egin dute: "Adin txikiko haurrek partidak jokatu nahi baldin badituzte, Nafarroara edo etxetik urrun joan behar izaten dute. Hemen Ataria Txapelketa bakarrik antolatzen da, eta horrez gain, ez dute beste aukerarik", dio Manu Ayertza elkarteko presidenteak. Hutsune hori betetzeko, Gabonetako I. Pilota Topaketa antolatzea erabaki dute: "Topaketa izena jarri diogu alde ludikoa bultzatzeko, eta ez lehiakorra. Horregatik, elkarren aurka jokatu arren ez da txapeldunik izango. Parte hartzaile guztiek jasoko dute kamiseta bat saritan". Lehen urtea izan arren, indartsu hasiko da ekimena, eskualdeko 120 haurrek jokatzeko asmoa azaldu baitute.

Topaketaren nondik norakoak

Aurrebenjaminak, benjaminak eta alebinak banaka jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan. Partida laburrak izango dira, eta egunean bat baino gehiago jokatuko dituzte. Ez da kanporaketa sistemarik egongo, talde txikietako ligaxkak baizik.

Topaketak urtarrilaren 2an hasiko dira, 09:30etik 13:30era, benjaminen lehen jardunaldiarekin. 15:00etatik 17:30era aurrebenjaminen txanda izango da.

Urtarrilaren 3an, 09:30etik 13:30era, alebinen lehen jardunaldia jokatuko da.

Urtarrilaren 4an, 09:30etik 13:30era, benjaminen bigarren jardunaldia jokatuko da, eta 15:00etatik 17:30era aurrebenjaminen partidak.

Urtarrilaren 5an, 09:30etik 13:30era, alebinen bigarren jardunaldia jokatuko da.

Topaketak urtarrilaren 6an amaituko dira, 09:30etik 13:30era, azken jardunaldiarekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!