Urtekaria 2017

[URTEKARIA] Betazalak zilborretatik altxatzeaz

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 1a, 08:50

Pintaketek ireki eta festa giroko erasoen salaketek itxitako urtea izan da, 2017a, emakume eta gizonen arteko koskatik begiratuz gero; luzera begirakoa da, oraindik, feminismoak irabazi beharreko egutegia.

Errepasoek eta atzera-begiratzeek badute malenkonia kutsu bat; berriro itzuliko ez diren garaietara bueltatzeko gogoa, akaso. Batzuetan, ordea, mingarriak dira oroitzapen bildumak, eta 2017ak ere eman du atsekabetzeko arrazoirik: hainbat albiste idatzi behar izan ditu, Tolosaldeko Ataria-k, matxismoak sortutako gertakarietatik.

Kalderero egunean gertatutako erasoaren oihartzunak hartu zituen albiste eta azalak eta, inauteriak amaitu baino lehen, gizon eta emakumeen arteko arrakala zertxobait txikitu zen Tolosan, «zorionez» edo: Ostegun Gizenean, lehen aldiz emakumeek afaldu ahal izan zuten, Gure Kaiola elkartean, 2011ko gertakariaz geroztik. Uda garaiak, berriz, lerroburu ilunenetan ilunenak utzi zizkion abuztuari: Villabonako emakume bat Caceresen (Espainia) erail zuen senarrak.

2017ari baztertze sozial handienaren talaiatik begiratu behar baldin bazaio, dena den, bi gertakarik markatu dute urtea, hasi eta buka. Eredu estetikoak kritikatuz, zenbait dendatako erakusleihoetan agertutako pintaketen soka luzeak zabaldu zuen urtarrila eta, udazkenetik negurako zubian, berriz, Babarrunaren Festan gertatutako eraso baten salaketa izan da protagonista.

Eskaparateek min, erailketek ez

2016ko abenduaren 30a zen, Tolosako hainbat dendaren erakusleihoak pintaketa morez esnatu zirenean. Ez gara panpinak edo Kontsumo matxistarik ez! Bezalako leloak idatzi zituzten, eta ekintza ia hizpide bakar bilakatu zen, hurrengo egunetan, polemikaren olatuan.

Ekintzaren adar guztiak kontuan hartu beharrean, kritika «bortitzak» egin zitzaizkola uste dute TNTko kideek, Olaia Uzkudunek azaldu duenez: «Gehiengoak ekintzari jarri zion arreta, mezuan sakontu eta hausnartu beharrean». Neska taldeak, ordea, argi dauka pintaketak zertara bideratuta zeuden: «Kontsumo matxista zen, gure ustez, gai zehatza. Kontsumismo horren barruan emakumeon estereotipo jakin batzuk saltzen dituzte, aniztasunari tarterik utzi gabe, eta denda horiek etengabe birsortzen dute eredu hori».

Dena den, «zapalkuntza bikoitza» ikusten dute kontsumo horretan, argudiatuz, ondasun hori –arropa– ekoitzi ahal izateko, klase eta genero zapalkuntza gertatzen dela: «Prekarietate hutsean lanean aritzen diren emakume eta haur guztiei ere erreferentzia egiten zieten pintaketek, esplotazioa salatuz».

Dendetako pintaketak egin baino sei hilabete lehenago, Tolosako zenbait elkarte gastronomikotan ere pintaketak azaldu ziren, elkarte haiek matxistatzat joz. Orduan ere polemika piztu zen, baina herritarren arteko elkarrizketek gehiago begiratu zioten mezuari,mezua zabaltzeko moduari baino: «Mezua zuzenagoa zen eta, gainera, gizartearen gehiengoak onartzen du, jada, elkarte horietan baztertze bat dagoela. Tamalez, publizitate sexista ez da zapalkuntzatzat jotzen oraindik eta, beraz, mingarriago suertatzen da pintaketa bat denda batean egitea, elkarte batean egitea baino», azaldu du Olaia Uzkudunek. Gaineratu du, dendak langile xumeekin lotzen direla, eta elkarteak aisiarekin, eta horrek ere zerikusi zuzena izan zuela tolosarren erreakzioan.

Hain zuzen komertzio txikien jardunari begira jarri zen, Tolosako Udala, 2017 hasieran. Mezuarekin sartu gabe, mezua aldarrikatzeko teknika gaitzetsi zuen, Maite Ruiz de Eguilaz orduko Berdintasun zinegotziak, gutun baten bitartez, eta udalak rol eta estereotipoen inguruko zenbait ikastaro antolatu zituela azpiamarratu zuen. TNTko kideen ustez, «hori ez da nahikoa». Pintaketak egin zituztenek ez zutela udalaren lanketa kritikatu, hori nabarmendu nahi izan du Uzkudunek: «Matxismoa elikatzen duen sistema bat salatu zuten. Ez da ez bezalako kanpainek ez dute rol eta estereotipoen eraikuntza hori errotik eraldatzen».

Bide horretan, matxismoa arazo sozial baten mugetatik harago kokatu nahi dute TNTko emakumeek: «Gaur egun pairatzen dugun arazoa ez da arazo sozial hutsa: sistema ekonomiko batean abiarazten da, eta hori guztia kapitalismoak bermatzen du. Hori ikusarazi egin behar da».

Erakusleihoetako kristalen gainean egindako pintaketek norabide askotan harrotu zituzten Tolosaldeko hautsak, eta zenbait herritarrek aldekoen eta aurkakoen artean kokatu zuten beren burua. Besteak beste, iritzi horiek argudiatu zuten, norbere janzkera estiloa aukeratzea askatasuna dela, betiere, onartuz, aukera hori inposatutako estetika baten barruan egindakoa dela. Olaia Uzkudun ados dago argudioarekin, baina, zehaztu du, gaur egun ez dagoela aukera aniztasunik: «Estereotipo jakin batzuk saltzen baldin badituzte, jakin nahiko nuke non dagoen aniztasun hori. Gaur egun, kolore eta oihala aldatzen dira, ez neurriak, eta ez dago aukeratzerik».

2017. urtea ireki zuen gaia izan zen, zalantzarik gabe, dendetan egindako pintaketena. Lantoki, taberna, Whatsapp talde eta bestelako sare sozialak erabat hartu zituen eztabaidak, eta zenbait herritarrei itxaropena ere piztu zitzaien, hausnarketarako gogoa ikusita. Ordea, pintaketak egin eta bizpahiru egunera, beste emakume bat erail zuten Espainian; albiste hark ez zuen halako protagonismorik hartu. «Guk geuk elkarretaratze bat antolatu genuen Trianguloan, eta inor gutxi bertaratu zen. Hasteko, pentsatu genuen, non geratu ote ziren pintaketen aurka beren ahotsa altxatu zuten pertsona horiek guztiak. Egoera surrealista iruditu zitzaigun, eta jendearen jarrera nahiko hipokrita. Argi dago, arazoa gertu sentitzean bakarrik ateratzen dela jendearen haserrea», dio Olaia Uzkudunek.

Urtebeteko distantziatik, zenbait herritarrek gaiaren inguruan hausnartu izana espero dute TNTko kideek: «Publizitate sexista jasotzen dugu etengabe, eta saiatu egin beharko genuke, produktu horiek ez kontsumitzen, adibidez, multinazionaletako arropa ez erosiz. Bai, politak dira eta gustuko ditugu, baina, muin-muinean, emakume estereotipo jakin bat erreproduzitzen dute», dio TNTko kideak.

Horrenbestez, bigarrenez azpimarra jarri nahi izan dio kontsumo matxistaren zapalkuntza bikoitzari, azalduz, emakume langilea «kondenatuta» dagoela arropa hori egitera: «Multinazionaletan Everybody should be feminist leloa daramaten kamisetak erosi aurretik, gogoan izan beharko genuke arropa hori ekoizteko gertatu den zapalkuntza bikotza: klase eta genero zapalkuntza. Eta, orduan bai, orduan harro esan genezake feministak garela».

Konplizitatea, salaketari

2017ko sanferminetan emakume batek gizon talde bati jarritako salaketak plazaren erdigunea hartu du, festa giroko erasoen inguruko eztabaida piztuz. La Manadaren kasuak mesede eta kalte egin duela uste dute, TNTko kideek: «Horrelako gertakariek segida ekartzen dute, gaiak publiko egiten direnean kopiatzeko ideia sortzen batzaio zenbaiti. Gainera, horrelako erasoen inguruko albisteek beldurra areagotzen dute emakumeongan», azaldu du Uzkudunek.

Dena den, TNTren ustez, eraso baten inguruko epaiketak halako protagonismoa hartzeak alde onak ere baditu: «Gaur egun gehiago salatzen dira halako gertakariak eta, sanferminetako auziarekin, jendea konturatzen ari da emakumeen babeserako sortutako legeek ez dutela emakumea babesten. Beraz, tamalez, jendea kontzientziatzeko balio izan du».

Izan ere, sarri, badirudi penetraziorik gertatu ez baldin bada, ezin dela salaketarik jarri. «Emakumeon hitzak ez du balio, justifikatu egin behar da salaketa; eta salaketa hori penetrazioan oinarritzen da. Baina, non geratzen dira ukituak eta lizunkeriak? Horiek ere eraso izaten jarraitzen dute, eta egunero kalean ikus dezakegu gure erasotzailea».

Parranda giroko eraso matxisten gaia, egiazki, astebururo izaten da pil-pilean: astebururo gertatzen dira eraso sexistak. Errutinaren begirada horrek, ordea, larritasuna kentzen die ukitu, piropo eta eskatu gabeko hitzei, salaketaren ideia baztertuz. TNTk argi dauka: salatu eta jakinaren gainean jarri behar da komunitatea.

Joan den azaroko Babarrunaren Festan emakume batek eraso sexista bat jasan zuen, goizaldean; pausoa eman, eta salaketa jarri zuen epaitegian, laguntza eskatu eta gero. Neska taldeak erabat babestu zuen erabakia: «Gizarteak jakin egin behar du gertatu dena, eta jakin egin behar du zer den emakumeok jasaten duguna. Eraso horiek ez dute gai isolatua izan behar».

Horrela, autodefentsa dute erasoei erantzuteko tresna eraginkortzat. Baina, behin erasoa gertatu denean, salatu eta informazioa zabaldu eta gero, komunitateak konplizitatea erakutsi behar dio, TNTren ustez, emakumeari; normalean erakusten ez zaionari. Festa giroko eraso sexisten hauspoa baita, inguruko festazaleen konplizitatea eta isiltasuna: «Jendeak beste aldera begiratzen du halako egoeretan, ez dutelako halako saltsa batean sartu nahi. Baina erasotzailea babesten dute jarrera horrekin», dio Uzkudunek.

Aurkakoa lortze bidean, beraz, TNTk berebiziko garrantzia ematen dio, gizarteak eraso horien aurkako mobilizazioetan parte hartzeari: «Erakutsi egin behar da horrelako jarrerak elkarbizitzatik kanpo daudela; eta ez dugu udalek antolatutako elkarretaratzeen zain egon behar. Kalera atera behar dugu, erasotzaileak ikus dezan, talde feministak ez ezik, herria ere haserre dagoela; erantzuna kolektibizatu egin behar da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!