Gabonetako Azoka Berezia jendetsua izan da beste behin

Ataria 2017ko abenduaren 23a

Zazpi gunetan banatu dira ehundik gora postu eta jendea batetik bestera ibili da. Elikagai eta artisautza postu ugari izan dira, eta baita animaliak ikusteko aukera ere.

Azoka berezia baliatuz, Tolosako Azokak, Tolosako Udalarekin eta Tolomendirekin batera, Nekazal Elikagaien Erakusketa-Lehiaketako baserritar-ekoizle sariak banatu dira. Patxi Montesek lortu du saria fruitu eta barazkien sailean, Arantxa Garaiburuk esneki-txerrikien sailean, Mari Karmen Goiburuk ogia-gozogintza sailean eta Inaxio Gorosabelek postu ikusgarrienarena eraman du.

Bestalde, Tolosako Azokako postuei sagar erre konpota banatu die Olatz Peon alkateak eta Nerea Letamendia zinegotziak. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariek euren bertsoekin alaitu dute giroa postuen zehar egindako ibilbidean, eta musikariek ere goxatu dute Zerkausia beraien jardunarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!