Ehundik gora postu bilduko ditu Gabonetako azokak

Imanol Garcia Landa 2017ko abe. 21a, 10:56

Tolosa azoka handi bat izango da larunbatean, zazpi gunetan banatuta; Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak ere ariko dira azoka bereziko giroa berotzen.

Larunbatean egingo da Tolosako urteko azken azoka berezia: Gabonetakoa. Zazpi gune izango ditu azokak: Zerkausia, Berdura plaza, Euskal Herria plaza, Trianguloa plaza, San Frantzisko pasealekua, Alondiga plaza eta Plaza Zaharra. Goizean goizetik zabalduko dituzte postuak eta 14:00ak arte egongo dira zabalik. Guztien artean ehundik gora postu batuko dira.

Trianguloa plazan 35 postu izango dira; elikagaienak, Tolosako zenbait dendek jarritakoak eta Extremadurako produktuena, La Jara elkartearen eskutik. Plaza Zaharrean Peio Urdapilleta egongo da, euskal txerriekin. Bidaniarraren animaliak bertatik bertara ikusi ahal izango dira eta euskal txerrikiekin egindako pintxoak ere dastatu ahal izango dira. Horrez gain, saskiak eta egurrez egindako hainbat produktu ere izango dira udaletxe aurrean.

Elikagaien 23 postu egoteaz gain, animalien gunea izango da Alondigakoa: euskal oiloak, antzarak, euskal artzain txakurrak, galloway arrazako behiak, alpakak eta astoak egongo dira, hain zuzen. Horretaz gain, umeentzako tailerrak eskainiko dituzte bertan.

Artisauek landutako lanak eskuratu ahal izango dira San Frantzisko pasealekuan 14 postutan banatuta. Beste hainbat elkarteren postuak ere kokatuko dira hor, askotariko produktuekin. Uztaritzetik gerturatutako taldea, Kokuyo elkartea, Anayurd elkartea, Pausoka elkartea, Begisare elkartea eta Asmoberri guraso-elkartea izango dira bertan, besteak beste.

Asteroko azokaren hiru guneetan, Zerkausian, Berdura plazan eta Euskal Herria plazan, larunbateroko postuak izango dira. Gainera, Berdura plazan, asteroko postuez gain, hiru postu gehiago izango dira, bi artisau loreekin lana egiten dutenak eta lore-landare postu bat, zehazki.

Bestalde, bestelako jarduerak egongo dira aukeran. Berdura plazan eta Zerkausian, girotze lanetan, punta-puntako bi bertsolari ariko dira, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran. Bertan Gartxot Koblariak, Yanaisak eta Maitane Iruiñek ere musika emankizuna eskainiko dute.

Euskal Herria plazarik abiatuta, berriz, dultzaineroak ariko dira. Honekin batera, iazko edizioaren arrakasta ikusita, Nekazal Elikagaien Erakusketa-Lehiaketa antolatu dute, baserritarren produktuak eta postuak balioan jartzeko helburuz. Gainera, Zerkausian, Euskal Herri plazan eta Berdura plazan dauden postuetan sagar erre konpota banatuko du udalak, astebururo azokara gerturatzen diren ekoizle eta saltzaileei esker ona adierazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!