Bakerantzako pausoak eskatu dituzte, argazki batez

Tolosaldeko Ataria 2017ko abenduaren 16a

Tolosako Sarek argazki jendetsua atera du, Eguberriei begirako hitzorduetara herritarrak deitzeko; Gu prest gaude, eta zu? leloa baliatu dute. 

Hirugarren urtez jarraian, Tolosako Sarek argazki jendetsua baliatu nahi izan du dispertsioaren aurkako aldarrietara herritarra deitzeko. Anaje Urkolak eta Karmele Elizaranek azaldu dutene, hitzorduak oso harrera ona izan ohi du: "Gabonek bereziak izan ohi dira denontzat, eta guk ere baliatu egiten ditugu egunok, oraindik beharrezko diren aldarriak plazaratzeko". 

Horrela, bi hitzordu proposatu dizkiete herritarrei. Bata, abenduaren 24ko manifestazioarena: 18:45ean irtengo da, Trianguloa plazatik. Bestea, berriz, Bilboko hitzordua: aurten urtarrilaren 13ak hartuko du, eta egun osoko egitaraua prestatzen dihardute. Eskualdetik bertaratzeko moduen berri emango dute, aurrerago. 

Argazkiaren amaieran, mezu bakarra utzi nahi izan dute antolatzaileek: "Garai itxaropentsuan gaude, ez Espainiako Gobernua ematen ari den pausoengatik, baina bai Frantziako Gobernuaren jarrera ikusita. Ea aldarri hauek guztiak plazaratzen ditugun azken urtea den". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!