200 igerilari baino gehiago, Gipuzkoako Koparen lehian

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abe. 16a, 12:11

Gaur goizean hasita, Gipuzkoako Taldekako Kopa jokatzen ari dira, probintziako dozena bat talde, Usabal Kiroldegian. Kategoria absolutuan, gizonezko nahiz emakumezkoek neurtuko dituzte indarrak.

Gaur eta bihar, egun osoan zehar, Gipuzkoako igerilari onenak lehian ikusteko aukera dago Tolosako Usabal Kiroldegiko igerilekuan. Bertan, absolutuen mailan, taldeka, 200 kirolaritik gora ari baitira nor baino nor, ahalik eta puntu gehien bildu nahian. Izan ere, taldekako txapelketa da, horixe da berezitasun handiena, eta horri esker, proba bakoitzeko, tentsioa areagotzea ekartzen du. Emakumezkoetan, 2004an jaiotakoak eta zaharragoak ari dira igerian; gizonezkoetan, aldiz, 2003an edota lehenago jaiotako igerilariek dute aukera bertan parte hartzeko.

Kanpoan, eguraldi nahasia eta kaskarra bazen ere, barruan sekulako giroa zegoen, bai igerileku barruan, bai inguruan, baita harmailetan ere. Eskualde ezberdinetatik inguratu dira taldeak Tolosara. Etxekoez gain, Oarsoaldea, Bidasoa, Buruntzaldea, Fortuna edota Izarraitz izango dira, besteak beste, bi egun hauetan nabarmenduko direnak. Igerilariek, lasterketa bakoitzean lortzen duten postuaren arabera, puntuazio bat lortuko dute (lehenak 19 puntu, bigarrenak 16, hirugarrenak 14, eta hortik aurrera, postu bakoitzeko igerilariak, puntu bat gutxiago lortuko du). Proba bakoitzean, gehienez, talde bakoitzeko bi igerilarik hartuko dute parte.

Bihar arratsaldean, taldeko guztien puntuak batuko dira, azken emaitza jakin aurretik. Hor erabakiko da nork irabaziko duen eta nork eramango dituen etxera txapela eta kopa, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan, baita bien arteko puntuen batuketaren ondoren, taldekako sailkapen mistoan ere. Bigarren eta hirugarren sailkatuek ere, sariren bat edo beste eramango dute etxera.

Tolosaldea Igeriketa Taldeari dagokionez, gizonezkoak nahiz emakumezkoak batuz, eskualdeko 25 igerilari ari dira parte hartzen txapelketan. Gizonezkoetan, irabaztea da asmoa, nahiz eta Irungo Bidasoa taldearekin, azken unera bitarte, lehia estua mantentzea espero duten. Emakumezkoetan, berriz, bigarren edo hirugarren postuan aurreikusten dute beraien burua, maila mantendu edota postu batzuk irabazteko asmotan, ahal dela, amaierako podiumetik erori gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!