Beldurraren aurkako talaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abenduaren 14a

Indarkeria matxistaren gaia gaztetxoekin landu eta haien hausnarketa sustatzeko egitasmoa biribilduko du ‘Hi haiz, hi!’ emanaldiak

Batxilergoko ikasleen Beldur Barik proiektuaren eskutik egiten dute, urtero, ikasketak amaitu bitarteko bidea. Horrela, aurten ere Hi haiz, hi! jaialdia antolatu dute Tolosako Udaleko gazteria eta berdintasun sailek. Abenduaren 19an izango da, Topic-en.
Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako neska-mutilek taula gainean plazaratuko dituzte, datorren asteartean, indarkeria matxistaren inguruan egindako hausnarketak. Ordea, ikuskizun moldeen aurretik, formakuntza moldeetan aritu dira, gaia landuz, azken bi hilabeteotan.
Udaleko gazteria eta berdintasun teknikariak, Kattalin Miner eta Egoitz Arbiol aritu dira lanketa horretan, eskuz esku, gaztetxoekin, eta saio emankorrak izan direla azaldu dute Malentxo Zeberio eta Jokin Gurrutxaga ikasleek: «Beldur Barik jarrera zer den azaldu ziguten lehenengo, saio oroko batean. Ondoren, neskak eta mutilak banandu egin gintuzten, beste bi saio egiteko». Besteak beste, erasoak identifikatzeaz, erasoen aurrean erreakzionatzeaz eta, oro har, eraso matxisten inguruan hausnarketa propioak gorpuzteaz aritu dira ikasleak.
Hori guztia hari artistiko batekin lotu dute, ikuskizun bat egituratuz. Asteroko entseguetan findu dute lana eta, aurreratu dute, hainbat diziplinaz gozatu ahal izango dutela bertaratuek: «Aurkezleak izango dira, eta talent show itxura eman nahi izan diogu emanaldiari. Horrela, bertsoak, dantza nahiz beste hainbat gauza eskaini nahi dizkiegu ikusleei».
Azkenik, Beldur Barik nahiz Hi haiz, hi! bide lehiaketetara aurkeztutako lanak ere ikusgai izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!