Trianguloa, energia onenaren plaza

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 14a, 16:17

III. Energia Azokak hartuko du, larunbatean, Trianguloa plaza; bisita gidatuak egingo dituzte, kontsumo bide jasangarrietan sakontzeko

Hiru hankako mahaia osatu dute, hirugarrenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak eta Usurbilgo Lanbide Eskolak. Energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien inguruko sentsibilizazioa sustatzeko helburuz, proiektu bat sustatu zuten elkarlanean, eta bide horretan helduko da, Tolosara, Energia Azoka.
Larunbatean izango da, 10:00etatik 14:00etara bitarte, Trianguloa plazako karpa erraldoian. Hitzordurako nahiz proiekturako 1.200 euroko diru laguntza eskaini du aldundiak, eta beste hainbeste udalak. Horrela, aurkezpen agerraldian izan dira, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua eta Patxi Amantegi Tolosako ingurumen zinegotzia.
Asensiok azpimarratu duenez, Energia azokaren helburua energia berriztagarrien abantailak gizartearekin partekatzea da: «Gainera, herritarrei gakoak eskainiko dizkiegu energia kontsumoa murrizteko. Horretarako, gaur egungo ezagutza eta aurrerapen teknologiko puntakoak izango dira, plazan bertan».
Azokako stand, aparatu eta panelak izango dira nagusi, Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik, eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ikasleak ariko dira, azalpenak ematen; bide horretan, komunikazioa ere landuko dute.
Energia iturri jasangarrien zakua zabala denez, azokak ere hainbat gai bildu ditu: biomasa galdara, eguzki energia baliatzeko hainbat instalakuntza, aerotermia instalakuntza, tenperatura baxuko berogailuak, LED argiteria nahiz eraikuntzetarako isolamendurako materialak.
Bertaratzen diren herritarrak beren kasara ikusi ahal izango dituzte sistemak, baina, nahi izanez gero, antolatzaileek bi bisita gidatu prestatu dituzte, 11:30ean 12:30ean. Aurrez izena eman beharrik izan gabe parte hartu ahal izango da, eta biomasa galdararen alboan ekingo diete bi ibilbideei.
Horrez gain, azokan ikusi ahal izango dena entzun eta ikusteko aukera ere ahalbidetuko dute, Jokin Aldazabal Euskadi Irratiko kazetaria ariko baita, aldian-aldian, azokako adituei elkarrizketak eginez. Set txiki bat izango du horretarako, eta karpako pantaila batetik jarraitu ahal izango da guztia. #TolosakoEnergiaAzoka traola erabiltzea proposatu dute sustatzaileei eta, iragarri, www.tolosa.eus atarian ikusgai izango direla azokako elkarrizketak, hitzordua amaitu eta gero.

Tolosa, gero eta jasangarriago

Azoka energia kontsumorako bide jasangarrien erakusleiho izango dela baliatuz, Patxi Amantegi zinegotziak udalak azken urteotan emandako pausoak ekarri ditu gogora. Besteak beste, argiteria aldatu dute herriko hainbat tokitan, eta guztiak LED sistema darabilten argiekin ordezkatu. 200.000 euro inguruko inbertsioa ekarri dio horrek udalari, eta Bidebieta auzoan, Bizkaia kalean, suhiltzaileen biribilgunean, Iparragirre eta Izaksun auzoan, Olarrainen, Kondeaneko aldapan eta Nafarroa etorbidean egin dituzte aldaketak.
Era berean, udal eraikinetako berogailuen sektorizazioa, udalak erositako bizikleta elektrikoa eta Udaltzaingoko auto hibridoak izan ditu hizpide: «Herri jasangarri bat nahi baldin badugu, udalak eredu izan behar du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!