Sartu dira barrena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 14a, 07:55
2006. urtean ateratako argazkia (IƱigo Terradillos)

Internet azken polemika tolosarraren lekuko izan da, egunotan: hainbat herritarrek plataforma bat sortu dute, 2018an Gernikako Arbolako jaiotza aldatzeko eskatuz.

Ia inork espero gabe, bat-batean, ika-mika piztu da, Tolosan, Gernikako Arbolako jaiotza dela-eta. Antza, hainbat herritar ez daude gustura udalak urtero lorategi horietan jartzen duen jaiotzarekin eta, 2018ko Eguberriei begira, sinadura bilketa abiarazi dute interneten, jaiotza berria eskatzeko.

 

Facebook-eko orrialde batean piztu zen eztabaida, duela egun batzuk. Sare sozial horretan bada Tolosarras izeneko komunitate bat eta, batez ere, tolosarren iritzi eta kritikak biltzeko plaza bilakatu da. Jarduera handiko gunea izaki, eguraldiari, festari nahiz aktualitateari lotutako albiste nahiz argazkiak zabaltzeko ohitura dute kideek, ia beti gazteleraz. Horrela, abenduaren 6an, Gernikako Arbolako jaiotzari buruzko eztabaida zabaldu zen.

 

Besteak beste, jaiotza “zatarkeria hutsa” dela argitaratu zuen erabiltzaile batek, figuren argazkiak sareratuz. Iritziak sekulako soka ekarri zuen, eta asko jaiotza aldatzearen alde azaldu ziren, gaur egungoari kritika zorrotzak eginez: “Aspaldi jartzen zutena askoz ere politagoa zen”; “lardaskeriekin konpontzen saiatzen dira”; “Iritzi guztiak dira errespetagarriak, baina penagarria da, ez dago beste hitzik”; “Nire herriaz lotsa sentiarazten dit”; “Beldurgarria da, ezin du itsusiagoa izan”; “Hori artea al da?”.

 

Ehunka iruzkin dira irakurgai eta, horien artean, badira zuzenean Olentzeroren figurari kritika egiteko idatzitakoak. Erabiltzaile batek, adibidez, Olentzeroren pertsonaia jaiotzan ez jartzeko aldarria idatzi zuen, argudiatuz, “egiazki Olentzero haurrak lapurtzen zituen pertsonaia zela”. Kontrara, Olentzero tolosarra defendatu zuenik ere izan zen eztabaidan: “Tolosakoa oso erreala da eta benetako ikazkina dirudi; Olentzero ezin da galako jantziz atondu, telebistan ikusten dugun moduan”.

 

Tolosarrek tolosarrentzat

Tolosako Udalak 1994. urteaz geroztik jartzen du jaiotza hori, Gernikako Arbolako lorategietan. Iñaki Epelde, Amaia Biurrun eta Jose Luis Longaron artista tolosarrek egin zuten lana eta, orduz geroztik, “beharren araberako konponketak” egin dituzte, udalak azaldu duenez. Azken egunotan piztutako polemikaren harira, Olatz Peon alkateak azaldu du herritar horien iritzia kontuan hartuko dutela, eta baloratuko dutela nola bideratu. Hala ere, artista horien lana errekonozitu nahi izan du alkateak: “Ikusi egin beharko da iritzi horien ondoren neurriak hartu behar diren edo ez. Gaur-gaurkoz, Tolosako Udalak balioan jarri nahi du bere garaian artista horiek egin zuten lana, eta errekonozimendua eskaini nahi diegu”.

 

Hain zuzen ere, sare sozialetako iritzi-truke horretan parte hartu nahi izan zuen Kristina Martija tolosarrak. Egileetako baten senidea da, eta Gernikako Arbolako jaiotzaren sorreraraino egin nahi izan zuen atzera, gogora ekarriz, hastapenetatik polemika piztu duen gaia izan dela. Haren ustez, figurak oso baldintza txarrean daude, baina, balorazio horren ondotik, herritarren jarrerari jarri zion fokua: “Baliteke foro honetan errespetua, jarrera ona, sentsibilitatea eta fintasuna errekuperatu nahia, ameskeria hutsa izatea. (...) Ez dut beste abendu bat gehiago jasan nahi, polemika zentzugabe honekin bueltaka”.

 

Zurrunbilo horretatik, Gernikako Arbolako jaiotza aldatzeko eskaera Tolosarras komunitatetik harago zabaldu, eta zenbait herritarrek sinadura bilketa bati ekin diote, Change.org atarian, 2018an jaiotza berri bat ezartzearen alde; 350 sinadura bildu dituzte jada. Bide beretik, izan da Zarauzko jaiotzaren argazkiak argitaratu dituenik ere, balizko eredu izan daitezen.

 

Eztabaida paraleloak

Jose Kruz Izulain lezoarrak 14 urte daramatza Gipuzkoako Belenzaleen Elkartean eta, haren ustez, ez da jaiotza itsusirik: “Nik uste dut jaiotza itsusirik ez dela. Egiten duenaren gustuaren araberakoa izaten da bakoitza, baina uste dut errespetatu egin behar dela. Guretzat jaiotza guztiak politak dira”. Grina artistikoaren bidetik iritsi zen, Izulain, elkartera, eta urte osoko lana izaten dute, batez ere, Eguberriei begira. Elkarteak, ordea, 300 bazkide inguru ditu gaur egun. Azaldu duenez, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak ez du loturarik elizarekin, eta eskulanetan aritzeko afizioak elkartu dituen erretirodunak dira kide, batez ere. Donostiako Gipuzkoa plazako jaiotza prestatu eta mantentzeaz arduratzen dira, eta hainbat ikastaro ere antolatzen dituzte.

 

Tolosako Gernikako Arbolako jaiotzaren eztabaidari, ordea, beste zenbait adar atera zaizkio, haren aldaketa galdegin dutenen aldarriarekin batera. Izan ere, sare sozialetako dantzan, asko izan dira erlijio kristauari hertsiki lotutako jaiotza bat jarri behar ote den zalantzan jarri dutenak; sinbolo horiek deuseztatzeko prest leudeke herritar horiek.

 

Kontuak kontu eta iritziak iritzi, iristean diren Eguberriak orain arteko jaiotzari begira pasatuko dituzte tolosarrek. Denborak esango du, eztabaidagune birtualetako iritziek zer nolako pisua har dezaketen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!