«Ikusi dugu gai garela edozein talderen aurka jokatzeko»

Asier Imaz / Ane Urkola 2017ko abe. 13a, 09:27

Argazkia: Josu Artutxaq

Tolosako Euskal Ligako jokalariak sekulako denboraldia jokatzen ari dira. Ez dute partidarik galdu oraingoz eta lehen postuan amaitu dute lehen itzulia.

Liga hasitakoan ez zuen inondik ere espero bere taldeak horrelako lehen itzulia egingo zuenik. Lehengo urtean ligari eusteko borrokan ibili ziren; aurten, berriz, iazko helburuak bete dituzte lehen itzulia amaitzerako. Imanol Cabero (1994, Anoeta) entrenatzailearekin errepasatu dugu denboraldiko lehen itzulia.

Oso gustura denboraldiko lehen itzuliarekin, ezta?

Bai, bai oso pozik. Helburutzat jarri genuen aurreko urteko emaitzak hobetzea. Lehenengo itzulia bukatuta, iazko denboraldi osoan lortutako puntuak baino gehiago lortu ditugu. Beraz, dagoeneko oso pozik gaude.

Maila mantentzea zen lehen helburua?

Bai, hori da. Hasiera ez genituen beste taldeak ezagutzen. Orduan, gure helburua gure marka hobetzea zen. Ikusita orain zein postutan gauden, oso pozik gaude.

Burutik pasa al zitzaizuen egoera honetan egongo zinetenik?

Neure burutik behintzat ez. Iaz, lehenengo postutan zeuden taldeen kontra jokatzen genuen aldiro, sekulako gol pila sartzen zizkiguten. Orain gure taldea ikusita, uste dut oso ondo moldatu garela eta taldea oso ona da. Azter dezagun denboraldia. Bost partida irabazi zenituzten jarraian. Ez irabazi bakarrik: markagailuek arreta ematen dute: 3-1, 5-1, 3-0...

Orduan hasi zinaten sinesten zertan ari zineten?

Taldea frexkoago eta libreago dagoela esango nuke jende berria dagoelako. Hasieran oso erraz hasi ginen partidak irabazten, eta pentsatu genuen lehenengo postuetan zeuden taldeen kontra jokatzen hasten ginenean bukatuko zela gure bolada ona. Berdindu egin genuen beraien kontra eta hor ikusi genuen goiko postuetan egon gintezkeela. Lehen itzulia amaituta, ikusi dugu gai garela edozeinen aurka jokatzeko. Oraindik asko falta da denboraldia amaitzeko eta zaila izango da lehen postuetan mantentzea, baina ikusi dugu gai garela hor egoteko.

Hainbat partida berdindu ondoren, berriz ere bolada onari heldu zenioten. Gero, berriz ere berdinketak iritsi ziren, eta beste taldeek tartea jan zizueten.

Bai, horrela da. Arratia eta Bizkarre taldeen aurka jokatu genuen segidan. Arratiaren aurka berdindu egin genuen: galtzeko aukerak izan genituen baina baita irabazteko ere. Orduan ikusi genuen talde ona daukagula onenen kontra jokatuta ere. Gero, Derioren aurka jokatu genuen Berazubin, sailkapenaren behealdean dagoen taldearen kontra, eta berdindu egin genuen. Bost puntuko tartea izatera iritsi ginen. Berriz ere irabazten hasi gara orain, baina gero eta gehiago kostatzen zaigu. Beste ekipoek ezagutu egiten gaituzte eta lehenengo postuan gaudenez, beste modu batera etortzen dira Usabalera. Gehiago kostatzen ari zaigu, baina aurrera egiten ari gara.

Kontziente al zara lehenengo itzulian ez duzuela partidarik galdu?

Hain «azkar» eta hain «erraz» irabazten ari gara, asko sufritu gabe, nik uste dut taldea ere ez baita kontziente zer lortzen ari garen. Hala ere, jakitun gara egunen batean galdu egingo dugula.

Hasieran aipatutako helburuak bete dituzue. Orduan orain zer? Zein helburu dituzue?

Ez dugu epe luzera begiratzen; pixkanaka-pixkanaka egingo dugu aurrera, lasaitasun handiz. Aurrean daukaguna begiratzen hasten garenean galtzen dugu energia, eta hor hasten gara akatsak egiten. Pixkanaka-pixkanaka koskak igo behar ditugu, ea gai garen azken jardunaldira arte lehengo postuetan egoteko.

Hiru talde zaudete pixka bat alde egin da: Arratia puntu batera eta Bizkarre bi puntura dituzue. Jardunaldi batek edozer gauza alda dezake, ordea.

Hori da guk hitz egiten duguna. Azken finean, lider egotea oso zirkunstantziala da. Ziur gaude denboraldian egongo garela bigarren postuan, hirugarrenean... Helburua lehen postuetatik gertu jarraitzea da, ligaren amaierara ilusioarekin iristeko.

Zeintzuk dira Euskal Ligako sariak?

Lehenengo postuan amaitzen duen taldea soilik igotzen da bigarren mailara. Besteek ezer ez...

Maila horretan geratuta ere, urte izugarria izango da. Itzulerako partidak giltza izango dira, ezta?

Bai, ea urtarrilean eta otsailean nola hasten garen hiru taldeak, gure arteko partidetan zer gertatzen den...Bizkarreren kontra inauterien ondoren jokatzen dugu, eta hori arriskutsua izango da [kar, kar kar]. Ea zer gertatzen den.

Azpimarragarria da bigarren mailak ere zer esan nahi duen, ezta?

Hori da. Nesketan, gure azpitik maila bakarra dago, herrialde mailakoa, Gipuzkoako taldeek osatzen dutena. Gu Euskal Ligan gaude, eta hortik bigarren mailara igoko ginateke. Bigarren maila ez da liga bakarra, zortzi multzo daude bertan.

Taldeari begiratuta, zein diferentzia egon dira aurten?

Aurten 21 pertsonek osatzen dute taldea. 21 taldekideetatik lauk edo bostek utzi zuten iaz. Bi igo dira kadete mailatik, eta hiru jubeniletatik. Taldekide batek iaz Gasteizko talde batean jokatu zuen bigarren mailan, eta aurten bueltatu egin da.

Maddi Garikano, ezta? Bere esperientziak ere markatu zuen Tolosaren ibilbidea. Aurrelari bikaina da.

Bai, sekulako esperientzia dauka. Bigarren mailan jokatu du eta partida zailetan asko laguntzen du. Etorri diren gazte horiek kadeteetatik datoz, baina sekulako egurra daukate.

Sekulako harrobia daukazue.

Bai, hori da garrantzitsuena. Badakit talde batzuk Barakaldotik eta beste hainbat taldetatik fitxatzen ari direla futbolariak. Hemen taldekide guztiak Tolosaldekoak dira: txikitatik egiten dugun lan, entremamenduak serio egiten ditugu eta nesken taldeak forma hartzen ari dira.

Horrek arriskua du: jokalariak beste taldeetara joatea.

Realak dagoeneko esan du bigarren taldea ateratzeko asmoa daukala eta taldeko lau edo bost jokalari beraiekin entrenatzen ari dira. Ez dago besterik. Orain momentuaz disfrutatzea tokatzen da; etorri beharrekoak etorriko dira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!