TAKE-ko lau kide, Kanaria Handiara

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abe. 10a, 15:12
Atzo arratsaldean, sailkapena lortu ondoren, entrenatzaile, prestatzaile eta jokalariak, Valentzian atera zuten argazkia. YON GONZALEZ

Delteco GBC klubeko infantil mailako taldeak, otsailaren 13tik 18ra bitarte, Kanaria Handian jokatuko den Errege Kopako azken faserako txartela lortu zuen, atzo, Valentzian. Talde horretan, Tolosako TAKE klubeko lau kide izan dira.

 

Yon Gonzalez entrenatzaileak, Iñigo Moreno eta Erik Varela laguntzaileek eta Beñat Etxeberria jokalariak osatu dute laukotea. Hauek, Gipuzkoako talde ezberdinetatik joandako beste dozena bat gaztetxoekin batera, infantil mailako Delteco GBC taldea osatu dute. Lortutakoagatik, Gonzalezek honako hitzak izan ditu ATARIA-rentzat Valentziatik autobusean zetorrela: “Ez genuen inolaz ere espero, lorpen hau sekulako sorpresa izan da. GBC-ren historian, txapelketa honetan lehen aldiz partida bat irabaztea lortu dugu. Klubari ere, eskerrak eman behar dizkiogu, sekulako babesa eman digutelako txapelketa osoan zehar”. Bat ez, hiru izan baitira irabazi dituzten partidak, eta a zer nolako arerioak izan dituzten parean.

 

Abenduko bost egunetako zubian, eskualdeko jende ugarik elurretara joatea erabaki du. TAKE-ko lau kide hauek, berriz, elurretan bezain beste gozatu dute Valentzian ospatu den infantil mailako Errege Kopako lehen fasean. Bertan, Andaluziako Unicaja talde indartsuak, Fuenlabradako Montakit talde deserosoak eta inoiz amorerik ematen ez duen Murtziako UCAM taldeak osatu dute, gipuzkoarrekin batera, A multzoa. “Taldeei begiratuz gero, eta gu geu, multzoen zozketa egin aurretik, ahulenen talde berean geundela ikustean, bagenekien oso zaila izango zela azken fasera sailkatzea. Hala ere, oso gazteak dira eta ezin genien presiorik transmititu”, zioen Gonzalezek.

 

Katu batek baino bizitza gehiago

 

Ostiralean jokatu zituzten multzoko lehen bi partidak, eta horietan, garaipena lortu zuten Yon Gonzalezen mutilek, Unicajaren aurka (58-54) eta Fuenlabradako Montakit taldearen aurka (66-49). Atzo, berriz, UCAM Murtzia arerio zutela, taldeak beharrezkoa zuen irabaztea, eta ederki sufritu ondoren, alde txikiagatik, baina 54-50 irabazi zuen Delteco GBC-k. “Hiruretan ere, azken laurdena baino lehen, hamar punturengatik galtzen joan ginen, eta gero? Sekulako indarra erakutsi zuten gazteek” aipatzen zuen entrenatzaile tolosarrak; “prestatzaileen artean hitz egiten aritu ginenean ere, katu batek baina bizitza gehiago izan ditugula aitortu genion elkarri” . Hiru garaipen horien ondorioz, fase honetan, multzoko lehen postua lortu du talde gipuzkoarrak, eta horrekin batera, Kanaria Handian jokatuko den azken faserako txartela.

 

Errege Kopako azken fasea, otsailaren 13tik 18ra bitarte ospatuko da, eta bertan izango dira, besteak beste, Endesa Ligako klub indartsuenen harrobiko taldeak: Real Madril, Bartzelona, Baskonia, Kanaria Handia… Madrildarrek, aurreko urtean txapeldun izateagatik ziurtatu zuten postua; kanariarrek, berriz, etxean jokatzen dutelako, aukera izango dute onenekin lehiatzeko; eta gainerako sei taldeek (tartean, GBC-k), Valentziako L’Alqueria Del Basket kiroldegian lortu dute, asteburu honetan, sailkapena. “Orain bai ez dugula presiorik izango. Bertan, gainera, Ordizia, Easo edota TAKE bezalako klub txikietako jokalariek, Bartzelona, Madril edota Baskonia taldeen aurka aritzeko aukera izango dute. Inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia izango da”.

 

Etxeberria, bikain

 

Zaila izaten da horrelakoetan, taldeko liderra edo izarra nor den aukeratzen. Izan ere, bi egunetan jokatzen dira partidak, eta denbora gutxi daramate elkarrekin entrenatzen eta jokatzen Gipuzkoako herri ezberdinetatik joan diren gaztetxoek. Hala ere, gipuzkoarren kasuan, Tolosako Beñat Etxeberria pibotaren lana azpimarratu behar da. Etxeberriak, sekulako lana egin du, bai erasoan baita defentsan ere, izan uztaitik gertu edo urruti. Estatistikei begirada bat botaz gero, taldeko onenetako bat bera izan dela esan genezake. “Ez dakit hala den, orain ez dauzkat datuak eskura, baina kantxan behintzat, oso gustura sentitu naiz. Lehen partidan, gainean nuen presioa kendu ahal izan nuen garaipenarekin. Horrela, hurrengo bi partidetan askoz lasaiago sentitu nintzen”.

 

Baina, horrelako txapelketetan, gaztetxoen eta prestatzaileen gainetik, gurasoak egoten dira. Zubi honetan behintzat, gipuzkoarren kasuan, babes handia eta indar izugarria jaso dute harmailetatik. Askotan, emaitzaren arabera, itzulerako bidaia pisutsuagoa izaten da, baina kasu honetan, gurasoek ere, haurrek bezain beste gozatu dute, eta beraiena ere bada, zati txiki batean, garaipena. "Sekulako indarra eman digute, asko animatu gaituzte, eta hori ondoren, gure jokoan eta markagailuari buelta emateko gogoan ikusi ahal izan da. Beraz, eskerrak eman behar dizkiegu, asko zor diegu eta".

 

Guzti hau, hala ere, ez litzateke posible izango, hein batean, Tolosan, TAKE-k harrobian egiten duen lanari esker. Lehen taldeko entrenatzailea den Gonzalezekin batera, Erik Varela eta Iñigo Moreno laguntzaileak, harrobiko taldeetako prestatzaileak direlako. “Beraz, lorpen hau gauzatzeko atzetik egin behar izan duten lan guztia eskertzeko, TAKE nahiz Gipuzkoako Saskibaloi Federazioa osatzen duten talde guztiei zoriontzea besterik ez zaigu geratzen, urte guztian zehar sekulako lana egiten dutelako”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!