Txuleta ez da jaki preziatu bakarra

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 9a, 14:20

Tolosako Txuleta Festak bigarren eguna du gaur. Egun hauetako izarra txuleta bada ere, pintxo ezberdinak dastatzeko aukera eskaini du Zizka Mizka guneak; jende ugari ibili da eguerdian.

Haragi usaina zerion gaur eguerdian Tolosako Zerkausiak. Txuleta festako protagonista bakarra ez da txuleta, eta argi geratu da beste behin Zizka Mizka gunean: haragiarekin egindako pintxo eta razio desberdinak eskaini dituzte bertan. 

Bertako jakiez gain, Mexikoko pintxo tipikoak ere prestatu dituzte bertako bi sukaldarik: Laura Tamayok eta Alejandro Schumann-ek. "Alex Shumman mejikarra da eta sukaldaritza ikastaro bat egiten ari da Euskal Herrian", azaldu du Imanol Zubelzuk. Ez du Tolosako Txuleta Festan egoteko aukera galdu, bistan denez.

Zubelzu Txuleta Festaren antolatzaileetako bat "pozik" dago orain artekoarekin: "400-500 kilogramo haragi inguru prestatuko ditugu, eta 900 pertsona inguru etorriko direla espero dugu. Horretaz gain, Zizka Mizka gunean ere jende asko ibiliko da". 

BITTOR ARGUINZONIZ SUKALDARIARI OMENALDIA

Atzoko protagonista, berriz, Bittor Arguinzoniz sukaldari bizkaitarra izan zen. Tolosako Udalak eta erretegiek omenaldi "xume" eta "herrikoia" egin zioten: "Arguinzoniz mundu mailako sei sukaldari onenetan dago. Tolosarentzat eta tolosarrentzako harro egoteko moduko momentua izan zen", azpimarratu du Zubelzuk.

Tolosako Udalak eta erretegiek txapela bat eman zioten, eta baita oroigarri bat ere. Ondoren, Joxean Goya harakinak haragi eta xolomo bat ekarri zituen aztertzeko: "Txuletaren zati bakoitzak duden eragina, parrillan nola jokatzen duen, etab. azaldu zuen. Ondoren, dastaketa bat ere egin genuen eta oso kuriosoa izan zen", adierazi du Zubelzuk. 

Bihar arte iraungo du festak Zerkausian; zizka mizka gunean zein Txuleta Festan, haragia dastatzeko aukerarik ez da faltako Tolosan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!