«Dokumentalean ez da genitalik aterako, ez zaidalako interesatzen»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 11a, 07:42
Yogurinha Borova eta Izasku Arandia

Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) Yogurinha Borovari eskutik helduta ari da, bere azken proiektua garatzen. My Way Out izenburua aukeratu dute, eta baita izenburua mamiz betetzeko ideiak, lekuak eta pertsonak ere. Ordea, baliabide ekonomikoak pilatzen aritu dira orain arte, crowdfounding sistema baliatuz.

Joan den azaroaren 29an proiektua aurkezteko festa antolatu zuten Donostian, La Farandulan, eta genero aniztasuna plazaratuko duen ikus-entzunezkoak badu, jada, nahikoa aurrekontu, lanean hasteko. Hala ere, kolaboratzaile eta ekarpen berriei zabalik utziko diete atea, info@izarfilms.com helbidean. Urtebete barru estreinatuko dute lana.

'My Way Out', besteak beste, generoa eta trabestismoa landuko dituen dokumentala izango da.

Bai, batez ere, genero aniztasunari buruz hitz egingo dugu. Lagun handia dut Eduardo Gaviña, Yogurina Borova, alegia. Trabestia da, eta bera izango da filmaren gidaria, nolabait. Alde batetik bestera eramango gaitu, generoa ezarritako binarismo horretatik kanpo sentitu eta bizitzen duten pertsonak elkarrizketatuz. Finean, generoa beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izango dugu.

Yogurinhak haria eramango du, beraz.

Bai, hori da. Berak ere bere egoera aztertuko du, noski, baduelako Yogurinha Borova izateko beharra. Horrela, bere hausnarketak egingo ditu feminitateari eta emakumeari buruz.

Euskal Herriko trabestismoan erreferentzia da. Hasieratik argi izan zenuen berak eramango zuela haria?

Bai, bai. Egia esan, proiektua izugarri aldatu da hasieratik. Nik duela sei bat urte ezagutu nuen Edu, eta pertsona maitagarria iruditu zitzaidan. Oso-oso interesgarria iruditu zitzaidan izaera bikoitz hori. Alde batetik Edu da, pertsona isila eta lotsati samarra. Era berean, ordea, Yogurinha da, justu aurkakoa. Bi pertsonaia horiek pertsona baten barruan bizitze horrek interes handia piztu zidan eta, hasteko, proposatu nion dokumentala bere inguruan egitea; bera protagonista zela. Berak segituan ezetz esan zidan, bera ez zela hain zaharra ikusten [barreak]. Hala ere, hitz egiten eta ideia lantzen hasi ginen, bioi interesatzen zitzaigun gai baten inguruan dokumental bat gorpuzten hasteko. Berak emakumeekiko duen maitasunari tiraz, diskurtso feminista oso indartsua dauka, eta abiapuntu hori hartu genuen, momentu honetan gauden lekuraino iristeko.

Eta, zein puntutan zaudete orain?

Gaur egun proiektua garatzen ari gara. Pertsonaiak baditugu bakarra dugu lotzeko, eta lokalizazioak ere ia zehaztuta ditugu. Euskal Herrian eta Ingalaterran egingo ditugu grabaketak eta, urte honen amaieran ez bada, 2018 hasieran ekingo diogu grabatzeari, apirilean amaitzeko. Garapen prozesu horretan finantziazioa bilatu nahi izan dugu eta, momentuz behintzat, ez dugu diru laguntza publikorik jaso. Beraz, crowdfounding-ari eutsi behar izan diogu, beste behin ere. Oso interesgarria da egiten ari garen kanpaina, izan ere, Goteo plataformaren bitartez bildu ditugu ekarpenak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta!Kultura egitasmoaren barruan ere sartu zuten gure proiektua. Meta!Kulturak bi fase ditu: gutxienekoa eta optimoa. Guk gutxieneko langa pasatu genuen, eta baita optimoarena ere, joan den astean bertan: 20.000 euro jaso ditugu. Izan ere, foru aldundiak ekarpen guztiak bikoizten ditu Meta!Kultura egitasmoaren bitartez: norbaitek 25 euroko ekarpena egiten badu, zifra hori automakikoi bikoiztu egiten da. Oso interesgarria da guretzat.

Genero aniztasuna izango da gai nagusia. Dokumentala aldarri bat ere izango da?

Normalean betiko komunikabideetan azaltzen ez den jendeari ahotsa eman nahi diogu. Urte hasieran Hazte Oír-en autobusaren kanpainak aztoratu egin gintuen. Nola da posible, gaur egun, oraindik, transexualen aurka horrelako kanpainak egiten dituen jendea egotea? Azken finean, generoa identitate kontua da: norbera nola sentitzen den. Bide horretan, gure dokumentalean ez da genitalik aterako, ez zaidalako hori interesatzen; niri jendearen sentimenduek pizten didate interesa. Badakigu badaudela zakila duten emakumeak, eta baita bulba duten gizonak ere. Halaber, pertsona asko ez dira ez emakume, ez gizon. Edo, batzuetan emakume eta beste batzuetan gizon sentitzen dira. Desberdin sentitzen den jende horri guztiari ahotsa eman nahi diogu eta, askatasun osoz, gure dokumentalean hitz egiteko aukera. Bakoitzaren beldurrak eta ametsak ezagutu nahi ditugu.

Autobus laranjaren aferak zeresan handia piztu zuen duela ia urtebete, baina, albiste-jarioak eraginda-edo, badirudi itzaltzen joan dela eztabaida. Bazterrean geratzen diren errelatoak erdigunean jarri nahi dituzuen horretan, zure ustez jendeak zein jarrera du genero aniztasunaren aurrean?

Nik uste dut ezjakintasuna dagoela, eta oraindik asko dagoela ikasteko. Edu eta biontzat ere izugarrizko ikasketa prozesua izan da orain arte egindako bidea, eta oraindik ere ikasteko asko daukagu. Horregatik, uste dut dokumentala bera ere ikasteko tresna izango dela, eta ikus-entzuleak errealitate berrien jabe egingo direla. Dena den, nik topatu izan dudan jendeak jarrera nahiko irekia izan du horrelako gaiez hitz egiterakoan, eta dokumentalaren proiektua azaldu izan dugunetan ere, ezjakintasunetik izan arren, jendeak nahiko jarrera irekia azaldu izan digu. Argi dago intolerantzia handia dagoela oraindik ere, baina, espero dugu gure proiektuak ere balio izatea jendea informatzeko, eta genero aniztasunaren gaiarekin pedagogia pixka bat egiteko.

Zure lehen dokumentala izango al da?

Zuzendari moduan bai; ekoitziko dudan hirugarrena izango da. Lehenengoa Agur esatea izan zen, duela bost urte egindako ikus-entzunezkoa. Oraintxe bukatzen ari gara, era berean, Elvira Zipitriari buruzko IRA 26-2 dokumentala, Maider Oleagarena. Eta My Way Out ekoizten dudan hirugarren filma izango da, baina zuzentzen dudan lehena.

Zure ustez, ikuslegoa errazago harrapatzen al dute errealitatetik gertuago dauden historiek?

Fikzioa egitea askoz ere zailagoa da, eta baliabide gehiago eskatzen ditu, bai aurrekontuari dagokionez, baita azpiegiturei dagokienez ere. Egia esan, ni oso gustura aritzen naiz dokumentalgintzan, zinema soziala gustuko dudalako eta, normalean, dokumentaletan askoz ere gehiago jorratzen direlako halako gaiak. Publikoaren harrera, berriz, gaiaren araberakoa izan daitekeela uste dut, generoaren araberakoa baino. Gaur egungo dokumentalgintzak izugarrizko kalitatea du, fotografia oso zainduarekin, sekulako ekoizpenarekin eta aurrekontu handiekin, zenbait kasutan.

2015 amaieran estreinatu zuten 'La chica danesa', genero aniztasunari buruzko filma. Asteroko eskaintzan, ordea, gai horrek ez ditu estreinaldi gehiegi hartzen. Zure ustez, gizartean bezala, zineman ere, gai tabua da genero aniztasunarena?

Bai, zalantzarik gabe. Komertzialki eta, batez ere, fikzioan, uste dut gai hori oso-oso gutxi jorratu izan dela. Ni, orain, genero aniztasunaren bueltako ikus-entzunezko asko ikusten ari naiz, eta ia denak dokumentalak dira; fikzio oso gutxi aurkitzen ari naiz.

Duela pare bat urte aurkeztu zenuten 'HemenHere', ikus-entzunezkoen munduko emakumeen ikusgarritasuna sustatzeko proiektua. Zer moduz doa?

Oso ondo. Hurrengo urteari begira hitzordu handiekin gatoz. Udaberrirako, adibidez, Europa mailako ikastaro bat antolatzen ari gara, eta beste hitzordu pare bat ere esku artean ditugu. Hazten ari gara, 160 profesional baino gehiago erregistratuta baikaude elkartean. Gehienak euskal herritarrak dira, baina datu basean badira New Yorken, Parisen, eta Madrilen bizi diren sei bat kide ere.

Zinemaren, gai sozialen eta emakumeen harira, ezinbesteko galdera: zein begirekin ikusten dituzu, ozeanoz bestalde, azken asteotan Holly- woodeko hainbat emakumek salatutako eraso matxistak?

Desesperazio eta amorru handiz ikusten ditut, gertatzen ari dena gizarte orokorrean gertatzen denaren isla besterik ez delako. Inpotentziaz ere begiratzen ditut halakoak, boterearekin oso erlazionatutako kontuak direlako. Iruditzen zait, aktoreen kasuan zehazki, babesgabetasun handia sentitu behar dutela; aktore profesional izateko bidean, ez da sekula jakiten zer nolako mugekin eta zer nolako jendearekin topo egingo duzun, zoritxarrez. Arazo sistematikoa da, eta ni oso ezkorra naiz gai honekin. Aldaketa bat behar da, eta denon artean eragin beharrekoa den arren, uste dut gizonek izugarrizko hausnarketa eta aldaketa egin behar dutela.

Hollywoodeko erasoen auzitik atera den gauza on bakarra zera da: gutxienez, horrelako gauzak azaleratzen ari direla, eta aurrerantzean, beharbada, gizon horiek bi aldiz pentsatuko dutela horrelako zerbait egin aurretik, ikusi baitute, ondorioak ekar ditzakeela. Horrek etorkizunean zenbateraino lagun dezakeen? Ez dakit. Baina, momentuz, eskertzekoa da azaleratzen ari den hori guztia azaleratzea. Gainera, tsunami efektua izaten ari da, gero eta testigantza gehiago ateratzen ari dira, eta gero eta izen-abizen gehiago. Beraz, alde batetik, atsekabea sentitzen dut, baina, bestetik, eskertzekoa da gaia plazaratu izana.

Bukatzeko, noiz izango da ikusgai 'My Way Out'?

Ai ama! [barreak]. Espero dut, hurrengo urte amaieran ikusteko moduan izatea. Ez dakit estreinaldiaren data zehatza zein izango den, baina grabaketak apirilean bukatu nahi ditugu, eta muntaketa eta postprodukzio lanak urtea amaitzerako biribildu nahi ditugu. Espero dut, urtebete barru, garai honetan, dokumentala estreinatuta izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!