8.300 ikusle inguru izan dira Titirijai jaialdian

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 7a, 16:24
'BizitzEKO!' tailerra.

Aurtengoa «bikaina» izan dela esan dute; emanaldiez gain Solasean atala eta Udazkeneko Eskola nabarmendu dituzte.

Michele Cafaggiren Euriaren gizona ikuskizuna saritu dute Titirijai jaialdian. Antolatzaileak kontentu daude aurtengoak emandakoarekin eta 8.300 bat ikusle izan dituztela nabarmendu dute. «Titirijai bikain bat izan dugu nahiz eta eguraldiak ez duen lagundu», esan du Idoya Otegui zuzendariak. «Badakit oso topikoa dela esatea jaialdia arrakastatsua izan dela eta dena oso ondo atera dela, baina horrela izan da. Gurea bezalako ikuslego bat ondoan izatea ikaragarria da; ikusleak sekula ez gaituzte utzi, behin eta berriz etorri dira eta urtez urte zoriontzen gaituzte. Gogo handiz etorri dira emanaldietara», esan du. Oteguik ikastetxeak ere ekarri nahi izan ditu gogora.

Bestelako ekitaldiak
Titirijaik ez ditu emanaldiak bakarrik antolatzen, bestelako ekitaldiak ere izaten ditu eta horietako bat da Solasean izenekoa. «Gauero helduen ikuskizunen ostean, Topic-eko anbigu espazioan, ikuskizunetako artistekin modu informalean eta denbora luzez hitz egiteko aukera izan dugu, beraien lanari buruz gehiago jakiteko», esan du jaialdiko antolakuntzan aritzen den Enkarni Genua txotxongilolariak. Era berean, aurten bigarren aldiz egin dute Udazkeneko Eskola. Objektu, figura eta irudien animazio garaikideari buruzko ikastaroa egin dute eta hainbat diziplina lantzen dituzten artistak izan dira bertan, Joan Baixasek gidatuta.

Omenaldiak
Omenaldiek ere izan dute lekua 35. Titirijain. La Tartana Teatro saritu dute 40 urtetako ibilbideagatik, Rocamora Teatre taldea 35 urte egin dituelako eta Artez aldizkaria, 20 urtez arte eszenikoen inguruko albisteak lantzeagatik. Omenaldietan Tolosako alkatearekin batera egon zen Boris Ravignon Charleville-Meziéres hiriko alkatea.

Bukatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako BizitzEKO! tailerra gogoratu nahi izan dute. Ikastetxeetako ikasleek hartu zuten parte eta birziklapena lantzeko aukera izan zuten. «Tailerrarena sekulako esperientzia izan da, Topic-etik sortu eta diseinatutako ideia batetik hasi ginelako eta ez genekielako arrakasta izango ote zuen; horrelako ekimen bat martxan jartzen genuen lehen aldia izan da», esan du June Gerrikok, Topic zentroko pedagogia arloko teknikari eta ekimeneko arduradunetako batek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!