[AULKITIK] Hiru puntuak etxean!

Izaro Goenaga, Tolosa CF. Euskal Liga 2017ko abenduaren 6a

Larunbat arratsaldea, elurraren konpainiaz zein beste batzuk oraindik aurreko eguneko parrandako zenbait momentu gogoratuz, iritsi ginen Usabalera.

Ligako aurkari guztien aurka jolastuta genituen partida guztiak Mariño izan ezik. Bagenekien partida zaila izango zela beraiek 2. mailatik jaitsitakoak baitira eta izugarrizko esperientzia ere badute Euskal Ligan.
Hala eta guztiz ere, esan beharra dago izugarrizko gogoarekin ekin geniola beroketari partidan zentratuta geundelako.

Partida hasi zen eta lehen zatian beraiek aukera asko izan zituzten. Beraiek izan zuten baloiaren jabetza handiagoa, baina atsedenaldira 0-0 iritsi ginen.

Bigarren zatia hasi zen eta elurra zein kazkabarra gure konpainian ere bazeuden, baina naiz eta eguraldiak ez lagundu hortxe iritsi zen Izarneren jaurtiketa area kanpotik eta sare barrura sartu zen bigarren zatiko bukaeran ia. A ze gola! Azkenean beste 3 puntu garrantzitsu lortu genituen etxean eta lehenengo buelta osoa galdu gabe pasatzea lortu dugu.

Baina oraindik beste partida bat geratzen zaigu urtea ezin hobeto bukatzeko, hain zuzen ere, Hernaniren aurka jokatuko duguna abenduaren 9an 16:00etatik aurrera, Usabalen bertan.
Animatu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!