Beotibarren lau txapelketa jokatuko dira

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 6a, 11:41

Gaur eta ostiralean Tolosako Beotibar pilotalekuan lau txapelketetako partidak jokatuko dira. Esku pilotaz gain, zesta punta ere protagonista izango da. Izan ere, Xistera Zirkuituaren barruan dagoen IV. Elolaren Oroimenezko Zesta Punta Txapelketaren finalak jokatuko dira ostiralean, hilaren 8an.

Partida erabakigarrien aurretik, 09:30ean, Beotibar Zesta Punta Elkarteko gazteenak erakustaldia eskainiko dute.

Finalak 11:30ean hasiko dira. Gazteen mailan, Bixente Gonzalez eta Ander Lekubek Godwyn Baptiste eta Maxime Berdoulayren aurka jokatuko dute. Nagusietan, Antxon Alberdi-Theo Laborde eta Alex Ibañez-Anton Gandiaga izango dira finalistak.

Alex Ibañezen kasua azpimarragarria da. Beotibar elkarteko pilotaria da tolosarra. Larunbatean, finalerdietan, gazteen mailan eta helduen mailan jokatu zuen. Gazteenetan ez zuen finalerako txartela lortu, baina helduekin bai.

Ostiralean bezala, gaur ere zesta punta partidak jokatuko dira Tolosako Beotibarren. Gipuzkoako Txapelketaren barruan, Beotibarko bikoteak nagusien lehen mailako finalerdia jokatuko du Andoaingo Gaztelekukoen aurka. Etxekoak, Alex Ibañez eta Arkaitz Izagirre izango dira.

Aurrez, Euskal Herriko Nazio Mailako Pilota Elkarteen Txapelketako partidak jokatu dira, 17:30ean hasita. Gaur Zazpi Iturri eta Epleko pilotarien txanda izango da. Amezketarren izenean Egiguren, Zubiria eta Peru-Labaka-Aizpuruk jokatuko dute. Aurkariak, Chiapuso, Urmeneta, eta Taberna-Zangitu izango dituzte.

ALTUNA III.A, OSTIRALEAN

Hilaren 8an, 17:00etan, profesionalen jaialdia dago Beotibarren. Binakako txapelketako partidan Jokin Altuna eta Martijak Olaizola II-Imazen aurka jokatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!