Galako jantzi da Nafarroa etorbidea

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 6a, 10:56

Ia zortzi hilabeteko lanak amaitu eta gero, Eguberrien atarian inauguratu dute Tolosako Nafarroa etorbidea; oinezkoen erosotasunari begirako eraberritzea izan da.

2017ko aurrekontuko inbertsio nabarmenena izan da, Tolosako Udalean, Nafarroa etorbideko eraberritzearena. Esku-hartzea 2012ko Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren oinarrian zegoen eta, horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Hirigune proiektuko diru laguntza ere jaso du udalak. Egitasmoak, guztira, milioi bat euro inguruko aurrekontua izan du, eta hirigintzari bezainbat eragin nahi izan diote, merkataritzari.

Izan ere, Nafarroa etorbidea auto nahiz oinezko gehien ibiltzen den kaleetariko bat da Tolosan, egunero-egunero. Eremu komertziala eta erdiguneko etorbide nagusienetako bat izaki, lehentasunezko beharren artean zen, aspalditik, udalaren agendan. Horrela, beraz, kaleko merkatari nahiz bizilagunek zinez eskertu dute eraberritzea, Garbiñe Murillok eta Ana Mari Amigak inaugurazioan azpimarratu zutenez.

Eguberrietako argien piztearen ondoren inauguratu zuten kalea, galako jantzi baita 2017ko jaiei begira. Horrela, Olatz Peon alkateak udalaren jomugak gogorarazi zizkien bertaratuei: "Tolosarrentzat eremu zabalagoa, irisgarriagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa da orain. Gure helburua izan da erdiguneko trafikoa arintzea, eta oinezkoei lekua egitea. Horrekin batera, uste dugu merkatari zein ostalariei ere modu positiboan eragingo diela obrak".

Hotzak lagundu zuen irekiera eta, horrenbestez, musika eskolako akordeoilarien eta Udaberri dantza taldeko ohorezko agurraren ondoren, tolosarrek gogotik eskertu zuten Rafa Gorrotxategiren txokolate beroa.

Kaleak, zapaltzeko

Funtsean, Tolosako Udalak autoen eremua murriztu du Nafarroa etorbidean, oinezkoei lehentasuna emateko. Bide horretan, aldaketa nabarmenenak bide eta erraien zabaleretan nabarituko dituzte herritarrek, lehen begiratuak. Zirkulazioaren norabidea aldatu ez badute ere, autoentzako bidearen asfalto berriari baldosa itxura eman diote, eta espaloiaren mailara igo, Trianguloa plazaren eta San Frantzisko ibiltokiaren artean egin zuten bezala; espaloian Tolosako baldosa baliatu dute.

Zabalerei dagokienez, berriz, autoen bidearen zabalera 3 metrora murriztu dute, eta oinezkoentzako espaloiak nabarmen zabaldu: 4,5 metro ingurura. Behar bezala ibili eta zapaltzeko kaleak egokituz, gainera, etorbidearen zati luzeenean aparkaleku ilara bakarra mantendu dute. Aldaketa horiekin guztiekin, zirkulazioaren abiadura mantsotzea ere bilatu nahi izan du udalak.

Hiri-altzariak ere berritu dituzte, besteak beste, kalearen bi aldeetan zuhaitz berriak landatuz; udaberrian loratzen den neurri txikiko espezie bat aukeratu dute. Halaber, zezen plazako inguruetan loreontzi handiak ezarri dituzte, Oria kaleko itxurarekin bat egiteko, eta eserleku eta bizikleta-aparkaleku berriak ere jarri dituzte etorbide eraberrituan. 

Azkenik, alkateak aipaturiko helburu jasangarri horri begira, kaleko argiteria guztia led sistema baliatuz eraberritu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!