Tolosako hirigintza feminizatzeko eskaria egin du Berdinbidek

Ataria 2017ko abenduaren 5a

Berdinbide Berdintasunaren aldeko eta Genero Indarkeriaren kontrako Gizonezkoen elkarteak eskari bat aurkeztuko du, Tolosako Udalean, zinegotziak mozio gisa azter eta bozka dezaten. Besteak beste, 2018. urtetik aurrera herriko hirigintza proiektu berriei begira jarri da elkartea, data horretatik aurrera «Tolosa Herri Feminista deklaratzeko» galdeginez.

Horretarako, «Tolosan egiten diren plaza, kale, etorbide eta eraikin berriek emakume izena eduki beharko dute», Berdinbideren arabera.

Elkarteak historiari begira ekin dio adierazpenari, nabarmenduz, «emakumeak beti bigarren mailan eta baztertuta» utzi izan direla: «Beti egon izan dira baztertuta, eta hala daude gaur egun ere. Matxismoak, ideologia dominatzailea den aldetik, irabazi egin du eta egiten du, eta berak antolatutako gizartean, gizonak du nagusitasuna».

Horrela, indarkeria matxistak utzitako datuak ere baliatu dituzte, beren eskaria indartzeko. Batetik, azaldu dute, Euskal Herrian 52 emakume bizi direla eskoltarekin; horietatik 14 Gipuzkoan. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 4.370 emakumek dute poliziaren babesa, indarkeria matxista dela-eta. Horri, Espainian aurten eraildako 46 emakumeren datua gehitu diote.

Berdinbidek, ordea, matxismoaren adierazpen makurrenetik oinarrizko baztertzera jo nahi izan du mozioan, hirigintza feminizatzeko eskaria argudiatzeko: «Emakumeak jo eta hil ez ezik, ikusezin ere bilakatu ditugu, hainbat arlotan nabarmendu diren emakumeak ahaztuz. (...) Emakumeen eta gizonezkoon arazoa da eta, bide horretan, urrats txiki bat da, emakumeek egiten duten lana agerian jartzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!