Artxiboko energiaren efizientzia eraberritu aurretik, ate irekiak egingo dituzte aste honetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 5a, 16:48

Gipuzkoako Artxibo Orokorra klimatizatuko du aldundiak, dokumentuak behar bezala mantendu ahal izateko; 1.072.000 euroko aurrekontua baliatuko dute ingurumen eta kultura sailek.

Dokumentu historikoak bildu, mantendu eta zabaltzea da Gipuzkoako Artxibo Orokorraren egiteko nagusia eta, besteak beste, lurraldeko agiri ofizial gehienen aterpe da Tolosako San Frantzisko pasealekukoa. Eraikina 1989. urtean eraberritu zuten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eraberritze energetiko bat abiaraziko du bertan, erakundeko kultura eta ingurumen sailen elkarlanari esker. Obrak hasi aurretik, ordea, artxiboa ezagutzeko ate irekien egunak izango dira, ostegunetik larunbatera bitarte.
Denis Itxaso kultura diputatua eta Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua izan dira agerraldian, eta biek ala biek azpimarratu dute esku-hartzearen garrantzia: «Bazen garaia, artxiboko dokumentuek zaintza handia eskatzen baitute. Poztekoa da, gainera, eraberritzea bi sailen arteko elkarlanaren fruitu izatea», zehaztu du Asensiok.
Hamabi hilabeteko epea hartuko du eraberritze energetikoak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere eraikinetako energia aurrezteko nahiz energia berriztagarri bilakatzeko aurreikusitako proiektuen artean da artxibokoa. Horrela, 1.072.000 euroko aurrekontua izango dute obrek, eta ingurumen eta kultura sailetako aurrekontuetatik finantzatuko dute eraberritzea.
Gipuzkoako Artxibo Orokorraren eraikinak 3.000 metro karratuko azalera du, eta erdia baino gehiago hartzen dute dokumentuak gordetzeko 8 deposituek; biltegiratze gaitasunaren %60 inguru da hori. Bertan, dokumentuen antzinatasuna eta fintasuna kontuan hartuta, ezinbestekoa da baldintza klimatologiko zehatz batzuk urte osoan mantentzea. Gaur egungo teknologia eta baliabideekin zail suertatzen zaie langileei, baldintza horiei eustea.
Hasierako helburua artxiboan energia berriztagarriak txertatzea izan bazen ere, eraikinaren ezaugarriek itxi dute bide hori; efizientzia energetikoaren bila joan dira, beraz, espazio bakoitzerako klimatizazio sistema bat aukeratuz.
Batetik, biltegiratze geletan, aire bidezko klimatizazioa ezarriko dute, 8 gela horiek 18-20 gradutan eta %55-%60ko hezetasunarekin mantendu behar baitira, urte osoan barrena. Bero bonbak baliatuko dituzte.
Bigarrenik, argazki dokumentuak dauden espazioan, 16-18 graduko tenperatura eta %30-%40ko hezetasunari eutsiko diote, hozkailu sistema bidez.
Azkenik, bulego, kontsulta gela eta bilera geletan 21 eta 25 gradu bitarteko tenperatura mantentzeko sistemak ezarriko dituzte, bero bonba bati esker.
Aipatzekoa da, gainera, eraikin osoan argiteria aldatuko dutela, gaur egungo 480 argiakLED teknologiadun argiz ordezkatzeko.
Horrela, aurkeztutako esku-hartzearen ondoren, energia kontsumoa %60 inguru murriztuko dela aurreikusten du aldundiak: 85 tona karono dioxido, 240 MWh eta 30.000 euro urtean.

Dokumentu bakarrak

Ostegunean hasi eta larunbatera bitarte, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak ate irekien jardunaldiak egingo ditu, obrei ekin aurretik. Denis Itxaso kultura diputatuak azpimarratu du, herritarrek artxiboa ezagutzea nahi dutela, jakintza eta ikerketa sustatzeko gune irekia delako.
Bisitak egiteko ez da aurrez izena eman beharrik izango, eta goiz eta arratsalde ariko dira. Goizetan, 11:00etan eta 13:00etan izango dira euskarazko saioak, eta 12:00etan gaztelerazkoa. Arratsaldetan, berriz, 17:00etan izango dira euskarazko saioak, eta 16:00etan eta 18:00etan gaztelerazkoak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoan batzar nagusiek eta aldundiak 500 urtean baino gehiagoan pilatutako dokumentuak daude, baina baita bestelako erakundeetatik nahiz norbanakoengatik jasotakoak ere. Horrela, dokumentu bitxi eta bakarrak ezagutzeko aukera izango da bisita gidatuetan.
Besteak beste, Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren testamentua izango da ikusgai; Alegiako eskribauak idatzi zuen, haren heriotza baino 15 egun lehenago, 1861ean, eta Eleizegiren sinadura originala ikus daiteke.
Bide beretik, Carlos Amadeo Saboiakoak Sardiniako koroa semeari uzteko idatzitako abdikazio gutuna ere Tolosako artxiboan da; Sardiniatik Portugalera bidean geldialdia egin zuen Tolosan, eta bertan geratu zen dokumentua.
1685eko Euskarazko bertso batzuk ere ondo gordeak dituzte. Antza, Antonio Elzarzaga Eibarko bikarioak auzitara eraman zuen Migel Basterretxea herritarra, bertso iraingarriak plazan abestu zituela-eta. Amodio kontuak dituzte hizpide, eta Hirutruku taldeak kantatzen ditu gaur egun. Bada, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko langileek azaldu dutenez, eraikinean euskaraz idatzitako dokumentu bakanetako bat da aipaturiko auzia.
Horiekin batera, ate irekietako bisitetan ere ikusi ahal izango dira, besteak beste, probintziako ordenantzen koadernoa nahiz Jeronimo Larreak Santa Maria elizako artxibo izandakorako egindako apaingarriak. Azken pieza horiek, Gipuzkoan XVI. mendean egindako eskultura zibilaren lekukotasun bakarrak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!