Jangela handi bilakatuko da hamaikagarrenez

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 1a, 16:08

Abenduaren 8tik 10era egingo dute aurten XI. Txuleta Festa. Berrikuntzen artean, omenaldia egingo diote Bittor Arguinzoni Bizkaiko sukaldari ospetsuari, Leire Etxezarreta Botarri jatetxeko kidea izango da parrilletako batean lanean arituko dena, eta Zizka Mizka guneak amerikar itxura izango du.

Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo Zinegotziak, Leire Etxezarreta Botarri jatetxeko parrillan aritzen denak, eta Imanol Zubelzu Zizka Mizka Koxka guneko kideak aurkeztu dituzte aurtengo Txuleta Festako xehetasunak. 

Letamendiak hartu du hitza lehenengo, eta nabarmendu du erretegiek erreferente bihurtzen dutela Tolosa: "Zerkausia jangela eta parrilla handi bilakatzen dugu egunero-egunero. Oso garrantzitsua da; parrillek asko ematen diote Tolosari".

Lau puntu azpimarratu ditu zinegotziak: "Txuleta Festak Tolosa kokatzen du Gipuzkoa mailan eta Euskadi mailan. Turismoa erakartzen du: "Azken finean, turismoa garapen ekonomikoa da eta hori garrantzitsua da Tolosarentzat". Sozializazioa ere nabarmendu du: "Gure arteko harremanak sendotu egiten dira mahai baten bueltan".

BERTAKO PRODUKTUEN GARRANTZIA

Letamendiak azaldu duenez, bertako produktuen aldeko "apustua" egiten dute. "Zerkausiko jangelan, parrilla eta haragia dira platera nagusiak, baina horien inguruan dauzkagun produktuak goraipatu behar ditugu; Tolosako Udalak eta erretegiek bertako produktuen aldeko apustua egiten dugu".

Haragiari dagokionez, bertako haragia izango da aurtengo protagonista, Hazi fundazioaren bidez. Letamendiak azaldu duenez, bertako ekoizleek (Alejandro Goya, eta Carnicas Goya) egindako idi eta behi txuleta eskainiko dute. Txuletaz gain, urdaiazpikoa, Nafarroako zainzuriak, Kantauriko antxoak, Lodosako piperrak, Idiazabal gazta eta Tolosako gozogintzako "ikurra" diren teilak eta zigarrotxoak. 45 euroko prezioa du, eta haurrentzako menua ere badago 12 eurotan.

Turismo zinegotziak orain arteko salmenten berri eman du: "Abenduaren 8ko bazkariko txartel guztiak salduta daude, larunbateko eta igandeko bazkariko txartelak ere erritmo onean saltzen ari dira; larunbat gaua da gehien kostatzen ari dena, baina ziur azken astean txartel asko salduko ditugula", adierazi du. 

Jatorriei dagokienez, berriz, Frantziako Estatuko, Venezuelako, Italiako eta Espainiako Estatuko –Madril, Zamora, Burgos, Zamora– herritarrek erosi dituzte txartelak; guztira 700 kilogramo haragi inguru erreko dituzte. 

BELAUNALDI BERRIEI ONGI ETORRIA 

Zerkausiko jangelan lau parrilla jartzen dituzte, eta Leire Etxezarreta Botarri jatetxeko kidea izango da horietako bat. "Txuleta Mahaiak erabaki du Tolosako norbaitek egon behar zuela, eta, eta zer hobe, Leire Etxezarreta izatea baino. Belaunaldi berriak sartzen ari dira, eta horrek ere beste puntu bat ematen dio txuleta festari", azpimarratu du Letamendiak. 

Etxezarretak, bere aldetik, adierazi du "ohorea" dela beraiekin gogoratu izana, eta herritarrak gonbidatu dituzte Zerkausiko jangelan parte hartzera.

 BITTOR ARGUINZONIZ SUKALDARIARI OMENALDIA

Aurten, txuleta festaren ardatza parrilla izango da. "Tolosan parrillaren maisuak dauzkagu, baina beti ikasi behar da besteengandik". Zentzu horretan, gaur egun parrilla eta sukaldea oso maila onean jarri duen Bittor Arguinzoniz izango da Tolosan: "Ohorea da guretzat Bittor Tolosara etortzea, eta oso garrantzitsua da tolosarrentzako zein sektorearentzako. Parrilla bereziak erabiltzen ditu, tresna bereziak, etab. Matias Gorrrotxategi tolosarraren ikaslea izan zen bere ibilbidearen hastapenean", azpimarratu du.

Horrela, Tolosako Udalak eta erretegiek omenaldi txiki bat egingo diote; abenduaren 8an izango da, 19:30ean, Zerkausian. Omenaldiaren ondoren, bere historiaren ibilbidea kontatuko du Mikel Zeberiorekin batera. Basque Culinary Centerreko irakaslea da bera. Ondoren, txuleta dastaketa egingo dute.

ZIZKA MIZKA KOXKA GUNEA, AMERIKAR ERARA

Zizka Mizka Koxka gunea duela hiru sortu zen, "jende gazteari pintxo eta razioak eskaintzeko". Aurten, amerikar estiloa izango du guneak, Zubelzuk azaldu duenez: "Bertako teknikak eta bertako parrillak ekarriko ditugu hemengo produktuekin jolastuz. Bertan dauden jatetxe eta sukaldari guztiok elaborazio eta plater bereziak egingo ditugu", azaldu du. Pintxoez gain, razioak ere eskainiko dituzte eta bertako afaltzeko edo bazkaltzeko aukera izango da.

Musika zuzenean entzun ahal izango da egunero: Dixy Band taldearen eskutik. 19-90 gastrotekak edariak eskainiko ditu. Jakiak, berriz, honako jatetxe hauek prestatuko dituzte: Solana 4, Fronton jatetxea, Txomin Parrilla, Barriola harategia. Horiez gain, Imanol Zubelzu eta Oaxaca taldeko Laura Tamayo eta Alejandro Schumann sukaldariak ere arituko dira. 

KULTURAK ETA KIROLAK BAT EGINDA, TXULETA FESTAN

Txuleta Festaren gain, beste hainbat ekintza antolatu dituzte egun horietarako. Ostiralean, abenduak 8, kirola eta kultura izango dira protagonista. Elola memorialaren zesta puntako finalak jokatuko dituzte goizean; arratsaldean, berriz, binakako txapelketako partida izango da.

Udal Txistulari Bandak kontzertua eskainiko du udaleko arkupeetan, 13:30ean. Horretaz gain, Musika Kaperak eta eta Musika Eskolako haurrek kontzertua eskainiko dute Andre Maria parrokiako meza nagusian, Eduardo Mocoroaren heriotzaren 150. urteurrena dela eta.

Topicen, berriz, bisita teatralizatuak eskainiko dituzte ostiralean eta larunbatean, 11:30etik 13:30era. Horiez gain, azoka berezia izango da abenduren 9an. Baserriko produktuen azoka Trianguloan jarriko dute eta San Frantzisko ibilbidean eta Alondegian ere elikagaiak eta artisautza produktuak ere izango dira.

Bukatzeko, igandean, Tolosako Alde Zaharreko bisita gidatua antolatu dute. "Horrek guztiak ezberdintzen gaitu, jangela eskaintzeaz gain, bestelako kultur eta kirol eskaintzak ere eskaintzen dizkiogu bisitariari", amaitu du Letamendiak. 

 

EGITARAUA

Abenduak 8, ostirala

09:00–14:00. AVIA Xixtera Zirkuitoa-IV Elola Memoriala, Beotibar pilotalekuan.

11:30–13:30. TOPIC: bisita gidatu dramatizatuak.

12:00. Andre Maria parrokian, Sortzez Garbiaren festaburuko mezan, bertako Musika Kaperak, Musika Eskolako haurrekin batera, Eduardo Mocoroaren “Missa in honorem S. Joannis Baptistae” abestuko dute, maisu honen jaiotzaren 150 urteurrena dela eta.

12:00–16:00 Musika zuzenean Zizka Mizka gunean.

13:30. Udal Txistulari bandaren kontzertua Udaleko arkupean.

14.00. Txuletaren Festako Bazkaria Zerkausian.

17:00. Profesionalen arteko pilota partida, Beotibar pilotalekuan.

18:30. Bittor Arguinzoniz (Etxebarri Erretegia) sukaldariari Urrezko Parrila saria emango zaio, Tolosako Udala eta Tolosako Erretegien eskutik. Bittor Arguinzoniz eta Mikel Zeberioren arteko solasaldia, Txuletaren dastaketa batekin amaituko dena.

21:00–22:30. Musika zuzenean Zizka Mizka gunean. 

Abenduak 9, larunbata 

9:00-14:00. Tolosako larunbateko Azoka.

11:30–13:30. TOPIC: bisita gidatu dramatizatuak.

12:00–16:00. Musika zuzenean Zizka Mizka gunean.

14.00–15:00/18:00–22:30. Txuletaren Festako bazkaria Zerkausian.

21.00–22:00. Txuletaren Festako afaria Zerkausian.

 

Abenduak 10, igandea

12:00. Tolosako Alde Zaharreko bisita gidatua.

12:00–16:00. Musika zuzenean Zizka Mizka gunean.

14.00–15:00. Txuletaren Festako Bazkaria Zerkausian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!