Pertsona bat atxilotu dute Tolosan, hainbat garajetan lapurtzea egotzita

Ataria 2017ko aza. 30a, 16:16

Atxilotuak motor-gidari baten ekipamendua eta hainbat erreminta lapurtu zituen; lapurtutako motozikleta batean ibiltzen zen eta ez zuen gidabaimenik.

Asteazken goizean, pertsona batek Ertzaintzari abisatu zion Tolosako Alliri auzoko garaje batean lapurtu zutela. Testigu batek adierazi zien Ertzainei motozikleta baten gidariak hainbat gauza utzi zituela garaje bateko partzela batean.

Ertzainek kasko bat eta erremintaz betetako motxila bat aurkitu zituzten bertan, eta garajearen jabeak adierazi zien ez zirela berarenak. Ertzainek susmatu zuten ustezko lapurra garajera bueltatuko zela, eta 12:00ak inguruan motozikleta bat agertu zen; gidaria identifikatu zuten eta lapurra zela ondorioztatu zuten, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Aurkeztutako lau salaketen arabera, ertzainek uste dute garajeko aparkalekuetako bateko atea behartu zuela lehenengo. Barrura sartu ondoren, palanka batekin ireki zuen bertan aparkatutako autoaren sarraila, eta armairu batetik motorrerako ekipamendu espezifikoa lapurtu zuen (txamarrak, galtzak, bi kasko,...). Garajeko beste aparkaleku batetik motorrerako beste kasko bat, Honda baten eskulekua eta eskulekuko berogailua lapurtu zituen. Hirugarren pertsona batek salatu ditu garaje-plaza bateko ateko sarrailan egindako kalteak, nahiz eta barrutik ez zuen ezer lapurtu. Azkenik, Larramendi kaleko lurpeko garaje batetik txamarra bat lapurtu zuen motozikleta baten maletatik, Segurtasun Sailaren arabera.

Ertzainek gaineratu dutenez, mugitzeko erabili duen motorra joan den igandean lapurtu zuten Donostian, eta beste motor bati kendutako matrikula-plakak zeramatzan. Gainera, ez zuen gidabaimenik puntu guztiak galduta zituelako. 30 urteko atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, eta gaur eramango dute epailearen aurrera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!