Oargiko VIII. Boulder Txapelketa, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 30a, 12:54

Haurrek eta helduek izango dute parte hartzeko aukera; izena egunean bertan eman beharko da, Oargin.

Oargi Mendi Elkarteak VIII. Boulder Txapelketa antolatu du larunbatean, abenduaren 2an. Goizez 16 urte bitarterakoentzat egokituko dute rokodromoa. Arratsaldez, 16tik gorako eskalatzaileak ariko dira.


Izen ematea elkartean bertan izango da, Tolosako Andre Mari kalean. Haur eta gaztetxoentzat 10:00etan zabalduko da. Izena eman eta beroketak egin ondoren, txapelketarekin hasiko dira. Helduen txapelketan parte hartu nahi duenak, 15:30ean eman beharko du izena. Lehia, 16:30ean hasiko da.


Aurtengo berrikuntzen artean, DJ Pintxitos aipatu dute antolatzaileek. Lan horretan, beste hainbatekin batera, Mattin Lakuntza eta Mattin Jauregi ikaztegietarrak aritu dira. Txapelketa nolakoa izango den azaldu dute: «Zortzi bloke desberdin jarriko ditugu. Nahi adina saiakera egingo dituzte eskalatzaileek, eta egiten dutenaren arabera, lau edo bost finalerako sailkatuko dira. Finalean lau bloke jarriko ditugu. Gazte nahiz helduen txapelketa horrela izango da, baina ibilbideetan aldaketak egingo ditugu goizetik arratsaldera. Ibilbideen graduazioa aldatu egingo da, pieza batzuk kenduz eta zailtasuna areagotuz».  


Edonork parte hartu ahal izango du txapelketan: gazte nahiz heldu, neska ala mutil edo hasiberri-esperientziadun. «Polita izango da eskalatzaileak rokodromora nola moldatzen diren ikustea. Aste honetan itxita egongo da, ibilbideak egiten ari garelako, eta inork ikus ez dezan. Zailtasunak izango dira, eta ea jendeak nola erantzuten duen. Gu ere ikusteko gogoz gaude».


Eraman beharreko materialari dagokionez, kantu hankak izango dira beharrezko elementu bakarra. Magnesio pixka bat ematea ere gomendatu dute antolatzaileek, baina hortik aurrerakoa Oargiko rokodromoan egongo da.


Azkenik, ikusleak ere gonbidatu dituzte txapelketara, Oargi ezagutzeko aukera izango dutelako, lehiarekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!