Somier bati ezkaratz barruan su eman diola-eta, gizonezko bat atxilotu dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2017ko azaroaren 28a

Ertzaintzaren patruila batek gauerdian jaso du sute baten berri emateko deia; 46 urteko gizonezkoa atxilotu egin dute, sute delitua egotzita.

Tolosako ezkaratz batean sutea piztu zen atzo gauerdian eta, udaltzaingoak bertaratu zirenean, ikusi zuten norbaitek somier bati su eman ziola. Altzaria kalera atera zuten, ezkaratzean sua zabaltzea saihesteko, eta Ertzaintzari deitu zioten jarraian, gertakariaren berri emanez.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, suak ezkaratzeko atean eragindako kalteak aztertu zituzten ertzainek eta, minutu gutxira, San Frantzisko pasealekuko garaje batzuetan aurkitu zuten, lekuko batek emandako deskribapenarekin bat egiten zuten gizonezko bat. Sutearen ustezko egilea zelakoan atxilotu, eta Ertzain etxera eraman zuten.

Gizonezkoak 46 urte ditu, eta aurrekari polizialak ditu. Goizean pasatuko da epailearen aurretik, Tolosako epaitegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!