Juanito Lope, oraindik bizirik

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko aza. 26a, 16:04

Iñaki Moyua tolosarrak, aurten mendeurrena beteko lukeen Tolosako pertsonaiaren buruhandia egin du, eta gaur aurkeztu dute, jendez beteta zegoen Plaza Zaharrean, erraldoiak dantzan ari ziren bitartean.

"Berdin-berdin dago" edota "Zorionak artista!" izan dira, aurkezpena amaitu ostean, Iñaki Moyuak herritarrengandik jaso dituen hitzak. Berak zioenez, "atzo ikaragarria izan zen, lana behin amaituta, buruhandia nola geratu zen ikusi, eta gaur oholtzan egin beharreko antzezpen txiki hori nola egiten zuen ikustea". Herritarrei, bueltan eman dizkie esker oneko hitzak Moyuak. Bera izan da sortzailea eta bera izan da buruhandia oholtzara agertu den unean lehena hunkitu dena, baita Loperen familiako kideak ere.

Lehenago, erraldoi eta buruhandien konpartsak, kalejira egin du, Plaza Zaharrean agertu aurretik, eta Tolosako Musika Bandak ere gaur burutu du Xexili eguneko urteroko kalejira. Horrela, herritar ugariren ikusminez jota zeudenean, eta Bandak A un artista tolosano kantua jo ondoren, heldu da unea. Tolosako dultzaineroek eta Musika Bandak batera jo dute Koldo Tarragonak konposatutako Juanito Lope abestia.

Lehenik, erraldoiak hasi dira dantzan, eta kantuaren erdialdera, habanera erritmoko zatian, udaletxeko balkoi ezberdinetan egin dute agerraldia buruhandi guztiek. Guzti-guztiek ez. Izan ere, Juanito Lope buruhandiak, garai bateko argazkian ikusten den tailerreko ataria irudikatzen zuen oholtza gaineko atetik egin du sarrera, eta hor heldu dira bertaratu diren guztien txaloak. Kantua amaitu aurretik, erraldoi eta buruhandi guztiak hasi dira dantzan.

Ondorioz, aurkeztuta geratu da Tolosako buruhandi berria. "Lehengo urteko ekainean, buruan nuen horrelako zerbait egin nahi nuela eta proiektuarekin lanean hasi nintzen; buruhandia sortzeari, duela urtebete ekin nion", adierazi du Moyuak. Juanito Loperen buruhandiak, badu ezberdintasun txiki bat gainontzekoen ondoan: ez da lasterka ibiliko. Baina, ez hori bakarrik: "buruhandi hau material ezberdinarekin dago eginda, eta horrek ere errealagoa izatea ekartzen du, eta aurpegiko espresioak ere jendearengana gehiago iristea ahalbidetzen du; hori gainontzekoek ez daukate", eta gehitzen du "Juanitok berak eskultura bat egingo lukeen bezala egin dut lan hau, antzeko prozesua jarraituz eta material bera erabiliz".

Azkenik, eguna behar bezala borobiltzeko, Gernikako Arbolaraino egin ohi duten kalejira burutu du, beste behin, konpartsak, dultzaineroen laguntzaz. Hala ere, nahikoa kosta zaie Plaza Zaharra alde batera uztea, herritar guztiek atera nahi zutelako argazki bat, buruhandi berriarekin, Juanito Loperekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!