Xexili egunaren ospakizun atzeratua

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko azaroaren 26a

Tolosako musika talde ezberdinek, urtero bezala, Santa Zezilia kontzertua eskaini dute, eguerdian, Leidor Aretoan. Bertan, lau izan dira kontzertua eskaini duten taldeak, eta ikusleek mota guztietako doinuak entzunez, musikaz gozarazi ahal izan dute.

Lehenak, Giro Arte dultzaina taldeko kideak izan dira, eta hauek, Iñaki Salbadorren gidaritzapean, hiru abesti jo dituzte. Lehena, Julian Romanoren Habanera; ondoren, Sakabiren Bidekoa kalejira, eta azkenik, Ziraukiko Jota. Kantu horietako batzuetan, laguntza ere izan dute dultzaineroek, eta hauekin batera aritu dira, Beñat Luluaga trikitixan, Mikel Atxega baxuan, Izaro Urrestarazu panderoan, eta Lierni Muñoa marinban.

Ondoren, Udal Txistulari Bandaren txanda izan da. Gaurkoan, Ion Garmendia izan dute zuzendari, eta honako bi abesti hauek eskaini dituzte: J. Francoren Aintziñeko abestiak eta J. I. Ansorenaren Eltxo Martxa, Howard Whitneyren Mosquito Parade ezagunetik moldatutakoa.

Hauen atzetik, Isitxo Larrañaga Akordeoi Orkestra heldu da, eta hauek ere bi obra jo dituzte, biak hala biak, Isitxo Larrañagak zuzenduta. Lehena, Matyas Seilberren Irische Suite izan da. Ondoren, Franz Liszten Hungariar Rapsodia entzun ahal izan dute ikus-entzuleek.

Oholtza gainera irteten azkenak, berriz, Tolosako Musika Bandako kideak izan dira. Hauek, N. Rimsky Korsakowen Capriccio Espagnol kantua jo dute lehenik. Enrike Arostegi zuzendariaren hitzetan, "Asturias inguruko doinuak biltzen ditu gehienbat". Eta kontzertuari amaiera eman dion kantua, berriz, Venezuelako Joropo doinu dantzagarria izan da. Moises Molerok konposatua, eta Johan de Mejiek moldatua, Musika Bandak lehen aldiz jo duen obra, gaurkoan gainera, Mariaje Rekondok lagundu diete, pianoan. Kontzertuaren nondik norakoak aurkezten, Gorka Otaegi kazetaria aritu da.

Arratsaldean ere jarraituko du musikak nahiz festak Tolosako kaleetan, Malatxo txaranga arituko baita alde zaharreko kaleak girotzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!