Hondakinei bizia emanez

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko azaroaren 26a

Titirijai jaialdiaren barruan, eta Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean murgilduta gaudela aprobetxatuz, haurrentzako tailer txiki bat antolatu dute, goizean, Topic zentroan; 15 bat ume hurbildu dira.

Etxeko txikienek ere izan dute Titirijai jaialdian, beste era batera, parte hartzeko aukera. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera ingurumena lantzeko tailerra egin dute. 11:00etan elkartu dira Topic kanpoaldean, eta goian, ingurumenaren eta birziklapenaren inguruko bideo labur bat ikusi ondoren, berriro ere kanpora atera dira. Bertan, lau gune jarri dituzte, hondakin bakoitzak bere erreinua zuelako, eta horien inguruko azalpenak ere jaso dituzte haurrek. Azkenik, berriro ere gora itzuli dira, eta Topic-eko pedagogia arduraduna den Karmele Cruzen azalpenak entzun bitartean, hondakin ezberdinekin, txotxongilo bat egiteko ahalegina egin dute neska-mutilek.

Helburua, haurrei, sortzen dugun hondakin kopuruaren gaineko ardura sustatzea izan da, birziklapena eta hondakinen sailkapena bultzatu nahian. Cruzen hitzetan, "haurrengan kontzientzia piztu nahi izan dugu, eta horretarako ontzi eta paper ezberdinak erabiltzen ari gara tailerrean". Amaitzeko, gaurkoa, "eskola ezberdinekin hasi dugun epe luzeko proiektuaren lehen urratsa" izan dela azpimarratu nahi izan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!