Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2017

Dira ez, dituzte

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko azaroaren 25a

Indarkeria Matxistaren Aurka kalera irten dira, gaur, tolosarrak; flahsmobarekin batera, pentsiodunen, gazteen nahiz jabetze eskolako emakumeen aldarriak plazaratu dira Trianguloa plazan. 

Dira ez, dituzte. Ez dira hil, hil egin dituzte; zauritu, jo, ukitu, hitzez erasotu, epaitu. 2017an, Hego Euskal Herrian 6 emakume erail dituzte jada, eta 4.500 salaketa jarri. Azken 20 urteotan, 60 emakume erail dituzte Hego Euskal Herrian. Eta, badirudi pertsona horiek guztiak zenbaki hutsak izatera kondenatuta daudela. Baieztapen horren aurka altxa da, gaur, Tolosa. 

Urteroko moduan, Berdintasun eta Gazteria sailek elkarlanean prestatu dute flashmoba; aurten, Gatibu eta Izaroren Aske matte, aske bizi abestia baliatu dute, matxismoari ezezko ozena emateko. Haurrak izan dira nagusi, baina plaza lepo bete da, inguruan begira zeudenen aldarriarekin ere. Aurretik, gainera, feminismoari lotutako lelo eta irudiekin txapak egiten aritu dira Gazte Topaguneko hezitzaile eta gazteak. 

Metro batzuetara, Duintasuna pentsiodunen elkartea esku-orriak banatzen aritu da, lelo argi batekin: Emakumeen aurkako indarkeria da pentsio sistema hau ere. 

Halabeharrezko aldarrien goiza amaitzeko, Tolosako Jabetze eskolako emakumeek ekitaldi hunkigarria osatu dute, herritarrekin batera. Aurten eraildako emakumeei izen-abizenak jarri, eta ahots goraz esan dituzte, bakoitzaren alde lore bana jarriz. Euskal Herriko mugimendu feministaren mezua irakurri dute jarraian, detektibeen txostenak ozen gaitzetsiz, eta borrokarekin jarraituko dutela nabarmenduz. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!